"Garapenerako bidean dauden herriak", auzokoen garapenak zapaldutako herriei adituek ematen dieten izena da
Noiz eta Palestinarekin elkartasunez eta israel estatu sionistari boikot eginez munduan eta gure herrian gero eta urrats gehiago eta handiagoak ematen ari direnean, Baskonia saski baloi taldeak Lior Eliyahu isrraeldarra fitxatu du.
Gehiegizkoa al da kirolari isrraeldar horren aurkako jarrera eskatzea? Baskoniako zale batzuk hasiko dira beren bazkidetza bertan behera uzten fitxaketa hori dela eta, larregi al da?
Ez da faltako kirola (eta musika, eta kultura, eta irakaskuntza, eta...) politikarekin nahastu behar ez dela esango digunik (hots, agintzen duenaren politika onartu behar dela). Nahiz eta hain esaldi potoloak botatzen direnean, amnesia handi bat eragiten den: hor daude askok eta askok miresten ditugun intelektualak eta kirolariak, beren jarduna oztopoatua eta jazarria izan dutenak (eta izaten dutenak) beren konpromiso politikoa agertzeagatik: Víctor Jara, Eduardo Galeano, Jean Paul Sarte, Simone de Beauvoir, berriki joan den Mario Benedetti, Eva Forest, Alfonso Sastre, Mohamed Ali edo Erasun, beste hainbat eta hainbatekin batera, izan ezagunak zein ezezagunak.
Eliyahuk ere bere konpromiso politikoa agertu du publikoki. Berak Israelekin, egitasmo sionistarekin du bere konpromisoa. Batek esan lezake hori zilegi dela eta isrraeldarra izateak ez duela esan nahi Israelek egiten duen guztiarekin ados egotea. Jakina. Horregatik oso interesgarria izango litzateke Lior Eliyahuri egitasmo sionistaren zein alderdirekin ez dagoen ados entzutea...
Adibidez badakigu Gazako azken sarraskia sostengatu zuela, izan ere, beste VIP batzuekin batera Israelgo ejerzitoari, beren misio latz eta gogor hartan, bere babesa ematera joan zen, izar yankeek askotan egin duten gisan.
Baina Gazako huskeria hori alde batera utzita, ze Israel defenditzen du berak? 1948koa (800.000 palestinar errefuxiatu eta ehundaka palestinar herrixken suntsiketa eragin zuena)? 1967koa (Israelentzat Jerusalem osoa eta beste lurralde akoren harrapatzea ekarri zuena)? 2009koa (5 miloi errefuxiatu palestinarren itzulera onartzen ez duena, apartheid harresiarena, olibobondoen suntsiketarena, 11 mila preso palestinarrena, Gazako sarraskairena)?
Palestinatik Israeli kirol, kultur eta irakaskuntzan boikot egiteko deia egiten dute, pacbi manifestua, Euskal Herrian elkartasunez izenarekin bataiatu duguna. elkartasunez dei bat da euskal herritarrek, musikariek, bertsolariek, kirolariek, irakasleek, artistek, artisauek beren konpromiso politikoa agertu dezaten.
Lior Elihayuren fitxaketaren aurrean isilik eta geldi egon gaitezela eskatzen digutenei zera esaten diegu: munduan eta gure herrian gero eta gehiago gara arloz arlo gure Palestinarekiko elkartasun konpromisoa adierazten dugunok eta elkartasunagatik, duintasunagatik eta maitasunagatik ez dugu onartuko sionista batek Euskal Herriko kirol talde bateko ordezkaria izatea.
Palestinarekin elkartasunez, Eliyahuri EZ.