To die stand before to live on ones knees

Dolores Ibarruri

Notre-Dame-des-Landeseko ZADean, kapitalismoaren aurka, askatasunez burujabetza eraikitzen segituko dute.

Macron-en gobernuak joan den urtarrilean adierazi zuen legez, NDDLko ZADaren husteko operazioak hasi ziren duela astebete, apirilaren 9an. 2 500 militar, mota anitzetako armez, baita tankez eta helikopteroz horniturik, estatuak 'legez kanpoko' kontsideratzen duen gunera indarrez sartu ziren. Bertan, 300 bat pertsona bizi dira gaur egun, auzolanean eta autogestioan eraiki dituzten 90 bat bizitokitan.

Batzuk 'Grand Ouest' deituriko aireportuaren proiektuaren kontra hasi ziren lur haien okupatzen 2008an, beste batzuk berantago heldu ziren, baina ororen helburua bera izan da urte luzez: burujabetza helburu, estatu kapitalistaren lege eta logiketatik kanpo autogestioan bizitzea.

Egun, aireportu proiektua bertan behera gelditu bada ere, Estatuak 70. hamarkadatik goiti expropriatu eta suntsitu nahi izan dituen lurrak berreskuratu nahi ditu, berriz ere bere kontrolpean izateko. Eta horretarako, urte luzez lurraren babesaren alde egin dutenak kanporatu nahiean dabil.

Apirilaren 9an, astelehenez hasi eta ofizilaki ostegunean, apirilaren 12 gauean, bukatu den eraso militarrak, oraindik ere aurrera darrai. Kolpatuak eta eragindako sarraskiak anitz izan dira, eta izaten ari dira. Horregatik, bertako bizilagunek sustengua eskatzen dute: bai bertaratuz zein munduko edozein tokitik mobilizatuz.

Iaz, lehen aldikoz, Askapenak antolaturiko brigada bat NDDLko ZADean izan zen, Munduko herrien borroken etxea izatea helburu duen Ambazada erakitzeko auzolanean parte hartzen. Auzolana ez ezik, euskal herri langileak ZADeko bizi ereduarekiko eta borrokarekiko duen elkartasuna jorratu genuen.

Eraso honen aurrean, gaur ere, berdina egitea dagokigu. Horregatik ZADen izandako brigadistok, dei egiten dugu, lekuan leku ZADen sustenguz burutzen diren mobilizazioetan parte hartzeko eta NDDLeko ZADera joateko deia zabalduz.

Haiek suntsitu, guk eraiki!

Euskal Herrian, 2018ko apirilaren 18an

Munduko preso politikoak kalera!

2004a izan zen. Euskal Herrian buruturiko ekimen batean, munduko herri borrokalarietako kideekin elkarlanean, nazioarteko preso politikoen egun bezala izendatu zen apirilaren 17a. Elkartasun internazionalistaren adibide garbia izan zen orduko aldarrikapen hura ezbairik gabe. Gaur, mundu osoko hainbat txokotan milaka ohe hutsik dauden bitartean, milaka senide, lagun edo ezagunek hurbilekoren bat gatibu duten bitartean, oihu berbera entzungo da kale, plaza, eta basoetan: munduko preso politikoak kalera!

Mezu komun honen atzean ordea errealitate gordin bat aurkitzen da, komunikabideei zabaltzea komeni ez zaien egia bat: zapaltzaileen indarkeria. Errepresioaren jopuntuan izango gara sistema kapitalista eta patriarkala desagerrarazi nahi dugunak. Herrien askatasunaren edo justizia sozialaren alde borrokan gabiltzanak. Amalurra zaindu edota injustiziak salatzen ditugunak. Guztiak gara aliatuak, guztiak gara zapaltzaileen etsaiak. Horrexegatik joko dute behin eta berriz gure aurka, sistema bidegabe eta kriminal batean bizitzera kondenatu nahi gaituztelako, zapalketa bide sotil edo gordinagoak erabiliaz.

Gaurko egunez Askapenatik munduko preso politiko guztien askatasuna aldarrikatzen dugu. Eta aurten batez ere, gure begiak Europari begira ditugunez, kontinenteko preso politikoei zuzenduko gara. Dena den, argi utzi behar dugu ez ditugula, besteak beste, Abya Yala, Sahara, Palestina edo Kurdistango preso politikoak ahanzten. Inondik inora ere! Inperialismorik basatienaren hatzaparretan dauden burkideak dira eta haien askatasuna gure askatasuna ere bada. Oraingoan bereziki Marokoar estatu hiltzailearen ziega ilunetan bahiturik eta gose greba gogorrean borrokan egon diren burkide sahararrak omendu nahiko genituzke. Sahara Hurra! Neurri berean, esan gabe doa, oligarkiaren mesedetan diharduten mertzenarioak ez ditugula preso politikotzat hartzen.

Hurbilagora itzuliaz, azpimarratu beharra dugu, giza eskubideen babesle mozorroa duen Europar Batasunak preso politikoak sorrarazten dituela. Dominazio egitura bat den heinean, ezinezko zaie bestelako jendarte eredurik onartzea. Burujabetza eta nazio askapen mugimendu ezberdinak ditugu horren lekuko. Galizako borrokalari independentistak, Andaluziako nekazariak, gaztelarrak edota Herrialde Katalanen askatasunaren alde borrokan ari direnak esaterako espetxea edota erbestea dute ordainetan. Berdin kortsikar, irlandar edota sardiniarrak. Faxismoaren aurka borrokatzen dutenak ere hantzeko patua izaten ari dira bai Alemania eta baita Italian ere. Baita adierazpen askatasun ezaren ondorioak sufritzen dabiltzan hainbat eta hainbat pertsona ere. Bakoitzak bere borroketan duen konpromiso politikoa da errepresioaren begi-puntuan egotearen giltzarria. Eta guzti hau demokraziaren eredu omen den Europa honetan.

Preso politikoz beterik daude Europako espetxeak, borrokalariz beteak, eta denak nahi ditugu kalean, herrian. Espainiar eta frantziar esterminio zentroetan dauden euskal preso politikoengandik hasita. Duela 14 urtetik hona sinbolo bilakatu den egun honetan, munduko preso politikoei egin diezaiekegun ekarpenik iraultzaileena geure borroketan berrestea da, irmotasun handiagoz ahal bada. Argi izanik, aldi berean, preso politikoak existitze hutsa geure helburuak lortzeko dugun konpromisoaren erakusle ere badela, eta etsaiek ez dutela etsiko gure aurkako borrokan.

Honenbestez, apirilaren 17 honetan, Europar Batasunari egiten diogun salaketaz haratago, preso dituztenen izaera politikoa aldarrikatzearekin batera, guztien askatasuna eskatzeko deia luzaten dugu Askapenatik.

Libre eta borrokan, Euskal Herriko kale eta plazetan bezala, El Cerroko magalean, Bartzelonako casaletan, Cortiko auzunean edo Hanburgoko zentro sozialetan, gurekin batera, herri libre eta burujabeen mundu baten alde borrokan eta tinko.

Munduko preso politikoak kalera!

Siriaren kontrako eraso inperialistarik ez!

Gaur goizaldean AEBk, Erresuma Batua eta Frantziarekin batera, Siriako estatu burujabea erasotu dute arma kimikoak erabiltzearen aitzakipean. 2017an gertatu bezala, eraso imperialista larria izan da honako hau. Mendebaldetik Siriako herriak bizi duen gerra luzatzeko apostu garbia erakusten du ezbairik gabe, hala nola, herrialde hauek Sirian dituzten interes ekonomiko, energetiko eta geoestrategikoak, armen bidez eskuratzeko apostua garbia den bezala.

Kasu honetan, gure herria zapaltzen duen Frantziar estatua dago erasoa egin dutenen artean. Zentzu horretan, Euskal Herritik eraso hau irmoki salatzea dagokigu. Gure izenean ez dugulako inolako herriren burujabetza zalantzan jartzea onartuko. Ez dugu gure herria gerra imperialistetan sartzea onartuko.

Horregatik dei egiten diegu euskal internazionalistei nola eragile politiko, sindikal eta sozialei kalera atera eta siriako eraso berri hau salatzera. Adi mobilizazioei!

Eraso inperialistarik ez!
Siriako burujabetzaren alde, gora borroka internazionalista!

OTANi ez! Ez hemen ez inon!

32 urte igaro dira 1986ko martxoaren 12 hartatik. Orduan, Hego Euskal Herriak, gure herriko historia antiinperialistaren erabaki esanguratsuenetako bat hartu zuen: 931.367ak, hau da, emandako bozken %62-ak, ezezko borobila eman zioten OTANi. Erabaki hura historikoa izan zen arren, Euskal Herriak egun egitura politiko-militar horretan indarrez sartuta jarraitzen du, eta hau giltzarri da estatubatuar eta europar estrategia inperialista garatzeko.

Bloke sozialista eraitsi zenetik, OTANek, bizi-bizirik irauteaz gain, kide gehiago bildu ditu bere jardun bidegabea sendotzeko. Gainera, bere eraginpeko eremua zabaldu egin du; nonahi muturra sartzeko bere ustezko eskubidea erabiltzen duen bitartean, isilpean nahiz agerian. Ekialdeko Europan 90. hamarkadan ezartzekoa zen kapitalismo basatia bultzatzeko, Jugoslavia zaharraren aurkako bonbardaketekin hasi zuen bere jardunbidea, eta Iraken, Afganistanen eta Libian jarraitu zuen, betiere toki bakoitzeko lehengaiak zakuratuz. Era horretara, OTAN bloke kapitalista-inperialistak behar duen tresna politiko-militarra da, bere mundu mailako nagusitasuna mehatxatu edo zalantzan jar lezakeen edozer eragozteko martxan jartzen dena. Testuinguru honetan kokatzen dira Siriako eta Ukrainako azken esku-hartze erdi-gordeak. Bertan, kaosa eta gatazka zibilak sustatuz, OTANek lurralde horiek desegonkortu eta, aldi berean, kontrolpean hartu nahi ditu, Errusia eta Txinaren aurka AEBek daramaten borroka geopolitiko gordinean katebegi estrategikoak diren heinean.

Baina OTANen eragina ez da soilik bere ofentsiba militarretara mugatzen. OTANek, bere ekinbidea gauzatu ahal izateko, ezinbestekoak ditu bere ekintza militarra posible egiten dituen aktoreak lagun izatea. Zentzu horretan, Euskal Herrian ere baditugu adibideak. Horien artean ikus ditzakegu, Euskal Herriko ehun produktiboan oso hedatuta dagoen industria militarra; honen finantzazioan ezinbestekoak diren instituzio publiko edota bankuak; eta nola ez, unibertsitateak, inbestigazio teknologikoan zein alienazio ideologikoan eragin zuzena dutenak. Guzti hauen konplizitatea ezinbestekoa da OTANen boterea ulertzeko. Horrez gain, azkenaldian zeresan handia eman duen Bilboko portuaren papera ere salatu nahiko genuke, bertatik ateratzen baitira, besteak beste, Euskal Herrian zein estatu espainolean ekoizten diren merkantzia militarren zati handi bat.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Bardeetako tiro poligonoa OTANen parte diren hainbat ejerzitutako militarrek maniobra militarrak burutzen baitituzte gero eta sarriago bertan. Ez da kasualitatea azken urteotan maniobra militarren kopuruak gora egin izana, izan ere, AEBen eskuhartze politikak medio, Europar Batasunaren eta OTANen parte diren herrialdeen babesarekin, mundu mailako joku zelaia zeharo kakaztuta baitago. Siria, Libia, Irak, Afganistan edota Serbia gainetik hegan egin duten aliantza kriminalaren hegazkinak Bardeetan entrenatu dira, mundu mailako hegemonia mantendu eta herrialde horietan dauden baliabide naturalen jabe egiteko. Ingurugiroari, Euskal Herriaren burujabetzari eta, batez ere, inperialismoaren aurka borrokatzen duten herriekiko elkartasun internazionalistari zor diogulako, premiazkoa da Bardeetako tiro poligonoa desegitea.

Horregatik, Askapenatik munduko edozein txokotan gertatzen den edozein eraso inperialistaren aurrean mobilizatzera konprometitzen gara. Esku-hartze hauen konplize izateari uzteko, industria militar, instituzio, banku, portu zein unibertsitateen inplikazioa salatuko dugu eta Bardeetako tiro poligonoaren itxieraren bidean lan egiten jarraituko dugu. Izan ere, inperioagatik inbadituak eta suntsituak diren herriei egin diazaiokegun ekarpenik handiena Euskal Herri internazionalista bat eraikitzea baita.

Egoera honen aurrean eta OTANi emandako ezezkoaren 32. urteurrenean gauden honetan, Askapenatik, bere garaian herriak ebatzi zuen bezala, egitura politiko-militar horretatik irteteko premia aldarrikatu nahi dugu; eta aldi berean, herritarrei OTAN desegin dezagun borrokan segitzera dei egiten diegu.

Gora Euskal Herria antiimperialista!

OTANi ez! Ez Euskal Herrian ez inon!

M8 emakume* internazionalistok ere, PLANTO!

Beste behin ere Euskal Herriko emakume langileok kalera atera eta gure aldarrikapenak ozen oihukatuko ditugu bihar. Baina gure borroka internazionalista ere bada, patriarkatuak munduko txoko guztietan jipoitzen, hiltzen, bortxatzen, mespretxatzen, baztertzen, behartzen, esplotatzen jarraitzen baitu, eta Euskal Herrian patriarkatua ez dugulako errotik ezabatuko munduko emakume guztiak aske ez diren bitartean. Kurduek esaten duten moduan, “emakumeok gara zapaldua izan den lehenengo nazioa”.

Biharko egunean, beraz, Euskal Herriko internazionalista orori, gure herriko auzo eta herri ezberdinetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diogu. Kapitalaren metaketa bermatzeko ezinbesteko tresna dira emakumeak eta biharko greba deialdiarekin bat eginez, emakumeek planto egiten dutenean mundua gelditzen dela erakutsi nahi dugu.

Martxoaren 8an emakumeok* planto!

 

Errepresioaren aurrean, Herrialde Katalanak endavant!

(abajo en castellano)

Hilabeteak dira Herrialde Katalanen kontrako errepresioa biderkatu dela. Hamarnaka dira  jada urriaren 1eko erreferendumetik hona inputatuak zein kartzelaratuak izan diren herritarrak, eraso faxistak pairatu dituztenak edota beren herriko eskubide sozial eta politikoak defendatzeagatik atxilotuak izan direnak. Puigdemont eta bere kontseilariak izan ziren gatazka Europaren bihotzera eramaten saiatu zirenak baina desobedientziaren zantzurik ez dugu ikusi. Erbestea borrokarako esparru gisa ulertu du, ordea, Anna Gabriel CUPeko diputatu ohi eta Endavat-eko kideak. Desobedientziaren hautuan berresturik, gatazkaren zentzu politikoan sakontzean eta espainiar estatuaren izaera antidemokratiko salatzea da helburu nagusia. Gure babes osoa Herrialde Katalanetako herri borrokalariari eta gure bidelagun izan den eta izaten segituko duen Annari! Sempre amb tu!

Espainiar estatua sorgin ehizan dabilen bitartean, askatasun demokratiko, eskubide zibil eta politiko, eskubide nazional zein sozialak txikitzen dihardu. 155. artikulua geratzeko etorri den honetan, aspaldian ezagutu gabeko oldarraldi errepresiboa bizi dugu estatu espainiarraren menpe bizi garen herritarrok. Gure herrian praktika hau aski ezaguna dugun arren, ezin dezakegu pentsa Herrialde Katalanetakoa afera isolatua denik, gure aurkako erasoa ere badelako. Europar Batasuneko isiltasuna ere aipagarria da, noski, baina ez gaitezen inozoak izan. Europar Batasunak ez du inoiz inolako estatu kideren demokrazia zalantzan jarri eta are gutxiago salatu, errepresioa orokorra baita gaur egungo Europan eta boomerang efektuaren beldur dira gainontzeko estatu kideak. Tamalez, berriro ere, begi bat beti zabalik izatera kondenatu nahi gaituzte.

Azken urteotan Euskal Herrian elkartasunetik konpromisorako pausuak eman ditugu hamaika egoeren aurrean, eta oraindik ere gure etxeetako ateak zabalik mantentzea ezinbestekoa izango zaigu. Herrialde Katalanei elkartasuna modu errealean ematea ahalbideratuko dituen baldintzak sortu beharko ditugu.

Zentzu horretan, ezinbestekoa izango da, estatu espainolaren jarrera errepresibo eta antidemokratikoa zein Europar Batasunaren isiltasuna irmoki salatzea. Horrekin batera, dei egiten diogu euskal herri langileari Herrialde Katalanei elkartasuna adierazten jarraitzera. Porrota soilik posible delako borrokatzeari uzten zaionean. Hemen ez delako ezer bukatu eta, inboluzioaren aurrean herri oso bat dagoelako bere askatasunaren alde borrokan!

Gora Herrialde Katalan independiente, sozialista eta feministak!
Gora elkartasun internazionalista!

 

Pages

Subscribe to Askapena RSS
randomness