Revolutions occur on a blind alley

 

Mila esker guztioi!

Dena prest Berriozarren!

Atxikimendu gehiago Askapenaren 30. urteurrenerako!

Argentinatik:

Kolonbiatik:

Porrotx pailazoa:

Urriak 1: erreferendum bat baino askoz gehiago

Historia egin zuten atzo Herrialde Katalanetan, estatu espainolaren errepresio bortitzaren aurrean. Atzotik aurrera ezer ez da berdina izango. Atzokoa desobedientzia zibilaren praktikaren adibide argia izan zen; instituzio eta herri mailan garatutako herri-desobedientzia masiboa.

Azken hilabetean, asko entzun dugu erreferendumaz, demokraziaz; asko, boto eskubideaz. Asko entzun dugu Generalitataz, akordio nazionalez, Parlamentaz. Tresna erabakigarriak izan dira Kataluniako autodeterminazio eskubidea egikaritzeko prozesu honetan. Baina, askotan, esaten denak baino, esaten ez denak ematen dizkigu egoera ulertu eta posizioa hartzeko behar ditugun elementuak.

Duela urte eta erdi, jende gutxik ulertu zuen Artur Masen hautagaitza babestu edo ez erabakitzearen atzean zegoen karga politikoa. Prozesuaren gidaritza nork eramango zuen zegoen jokoan: instituzioak vs. herria. Ondoren, erreferendumaren data ezarri zen; horrek prozesua geldirik ez zela geratuko bermatu zuen. Eta azkenik, erreferendumaren osteko trantsizio legea etorri zen, atzerabiderik gabeko prozesua zela ziurtatzeko. Independentziaren aldeko herri aktibazioak eman zioten beharrezko bultzada gertaera horiei. Herri-mobilizazio masiboak eta emandako urrats horiek egin dute posible gaur egun Katalunian dagoen eszenatoki politikoa irekitzea. Horregatik erabaki zuten atzo 2,26 milioi pertsonak desobeditzea eta bozkatzea. Eta, noski, Ezker Independentista eta herri eragileak izan dira prozesu luze hori mahai gainean jarri eta zehaztera behartu dituenak.

Horri guztiari ezinbesteko osagaia batu zaio: desobedientzia. Alde batetik, Estatuaren jarrera antidemokratikoak baieztatu du prozesu independentista aurrera eramateko beste biderik ez dagoela; baina, batez ere, Kataluniako herriaren determinaziori esker jarri da martxan desobedientzia. Eskenatoki berrian, bi aktore nagusitu dira: Estatua eta haren aparatu errepresiboak, batetik, eta desobeditzeko prest dagoen Kataluniako herri langilea, bestetik.

Biharamunak bi zita garrantzitsu utzi dizkigu. Batetik, biharko deituta dagoen greba orokorra eta bestetik,4ean (legeak agintzen duen bezala, erreferenduma igaro eta 48 ordutara DUIa) aldebakarreko independentzia adierazpena. Edozer pasa daiteke gaurtik aurrera, eta beraz, aktore ezberdinek duten indar korrelazioen arabera argituko da Kataluniaren etorkizuna.

Hori horrela izanik, ezinbestekoa iruditzen zaigu momentu honetan Kataluniarekiko elkartasuna maila guztietan adieraztea. 78ko erregimenari pitzadura bat eragin diezaiokegula uste dugu, eta zentzu honetan, ezinbestekoa zaigun haustura elikatzeko garaian gaudela sinesten dugu. Honek guztiak agertoki politiko berri baten aurrean jarriko gaitu. Baina, argi adierazi nahi dugu, Kataluniari elkartasuna ematen ari garen honetan, Herrialde Katalanetako herri langileari eta hark egindako apustuari elkartasuna ematen ari garela. Langile klasea bera delako ezkenatoki honetan irabazteko gehien duena, bere interesak defendatzeko ateak irekitzen dizkiolako.

Ezker Independentistaren eta antolatutako herri langilearen determinaziorik gabe, eta burgesiarekiko mantendu duten presiorik gabe, Katalunia ez legoke gaur egun dagoen atakan. Horregatik dira horiek gure erreferente, eta horregatik luzatzen diegu elkartasuna, lan ikaragarria egiten ari direlako. Datozen egunotan, euskal herritarrok betebehar internazionalista dugu Herrialde Katalanekiko: elkartasuna. Babesa eskainiz, errepresioa salatuz eta batez ere, hausturarako bideak irekiz; hori izango baita Herrialde Katalanei egin ahal izango diegun ekarpenik handiena. Aste gogorrak ditugu aurretik, egin ditzagun zirraragarri!

 

Greziatik ere urriaren 7an Berriozarrera joateko deia egin dute

Herrialde Katalanei elkartasuna adierazteko bideen inguruan

Hurrengo egunetan, asko izango dira Euskal Herritik Herrialde Katalanetara hurbilduko diren herritarrak. Era berean, asko izango dira Euskal Herrian Kataluniako erreferendumaren alde egingo diren ekimen ezberdinak. Hau ikusirik Askapenatik ekarpen internazionalista hau egin nahiko genuke:

Internazionalismoa, elkartasunean oinarritzen den praktika politiko bat da. Gure herriaren askapen prozesuaren garapenak gainontzeko herrien askapenaren garapenean laguntzen duela eta alderantziz ulertzea hain zuzen. Beraz, elkartasun hau, ez da soilik beste herriengatik egiten, norberaren herriarengatik ere egiten da.

Herrialde Katalanen askatasunaren bidean, momentu historikoa bizi da Katalunian, eta gaur inoiz baino gehiago, elkartasun internazionalistaren beharra dago ezbairik gabe. Ez soilik, haien askatasunaren bidean, aurrera pausu bat eman dezaketelako, gure herrian ere hala izango delako. Beraz, hau ulertuta, ezinbestekoa da internazionalista bezala, kontraesanak, kontraesan, Herrialde Katalanei elkartasun internazionalista adieraztea.

Herrialde Katalanetara zoazten lagunei praktika internazionalista bat bultzatzera gonbidatzen zaituztegu. Gogorarazi nahi genuke, hurrengo egunetan Katalunian emango den egoera ez dela festa egoera bat izango, eta beraz, joango zaretenok, Herrialde Katalanetako Herri Langileari bere askatasunaren bidean elkartasuna ematera zoaztela izan behar duzuela gogoan. Hala ez bada, hobe da Euskal Herrian geratu. Bestalde, bertako lagunen esanetara jartzeko determinazioa garrantzitsua da. Inolaz ere, ez hartu ez dagozkigun erabakirik. Errespetatu gure lagunen erabakiak, hartzen dituzten moldeekin ados egon ala ez.

Bukatzeko, Euskal Herriari dagokionean, dei egin nahi dugu hurrengo egunetan izango diren mobilizazioetan parte hartzera. Horrez gain, estelada gorriekin kaleak bete eta eman daitekeen errepresio oro salatzera deitu nahi dugu. Orain inoiz baino gehiago gure elkartasuna erakutsi behar dugu, hainbeste urtetan haiek erakutsi diguten determinazio berdinarekin.

Besarkada beroena bidali nahi diegu desobeditzeko prest dauden lagun guztiei. Zuekin gaude!

Desobedientziaz, Herriok burujabe!

Pages

Subscribe to Askapena RSS
randomness