¿Será que los pobres son pobres porque su hambre nos da de comer y su desnudez nos viste?

Eduardo Galeano

Se encuentra usted aquí

Borroka garaia da. Israeli boikota!

Israel Gazako sarraskiarekin hasi zenetik, mobilizazio, komunikatu, prentsa ohar, iritzi artikulu, deialdi... asko ikusi ditugu.

Komunikabideek egunero hildako kopurua eta bonbaketen datu zaparradak zabaldu dituzte, eta horrek jendartearen sentsibilizazioa ekarri du. Tamalgarria bada ere, horrelako sarraski bat beharrezkoa izan da jendartearen haserrea piztu eta Israelen izaera zanpatzailea salatzeko.

Euskal herritarrok palestinarrekiko erakutsitako elkartasun internazionalista eredugarria izanda ere, uneari loturiko erantzun soil batean gelditzeko arriskua nabarmendu nahi dugu. Horrela izan ez dadin, Askapenetik gatazkaren erroak argitzeko beharra ikusten dugu.

Palestinar herriak israeldar Estatu sionistaren zapalkuntza jasaten du, bere eskubideen defentsan zanpatzaileari erantzuten dio, eta aspalditik bizi duen gatazkari konponbidea bilatu nahian dabil. Zapaltzaile eta zapalduaren arteko gatazka batez ari gara argi eta garbi, eta distantziakidetasunaren mezutik aldendu beharra derrigorrezko ikusten dugu. Palestinak eguneroko borrokari eta jasotzen duen elkartasun zintzoari esker bizirauten du, baina bizirauteaz harago libre bizitzeko eskubidea du.

Israeldar Estatu sionistaren existentzia zanpaketa honen ondorio zuzena da, eta estatua sortu zutenetik palestinar herriaren suntsiketan oinarritu du bere sistema eta egitura guztia. Horretarako AEBen eta Europar Batasunaren laguntza guztia izan du, espainiar eta frantziar estatuak barne, bai eta transnazional askorena ere (Eusko Labeldunak barne). Israelek ordainean nagusien interes geopolitiko estrategikoen defendatzaile eta jendarme lana egiten du.

Egoera horren aurrean, zapalduaren aldeko jarrera, elkartasun jarrera zintzo eta konprometitua eskatzen dugu.

Palestinarrek aspaldi erabakia dute zer elkartasun mota behar duten pairatzen duten zapalkuntzari aurre egiteko: israeldar Estatu sionistari boikota egiten diona, hain zuzen. Horrela jakinarazi zioten munduari 200etik gora palestinar elkarte, mugimendu, sindikatu, giza eskubideen aldeko taldek... Israeldar Estatuak bere izaera zilegi egiteko eta zapalkuntzarekin aurrera egiteko erabiltzen dituen kultur zein kirol ordezkari, enpresa, instituzio, produktu... guztiei boikota.

Boikot aldarrikapen hau ez zen Gazako sarraskiaren harira sortu, jasaten duten zapalkuntza iraunkorraren harira baizik; beraz, ezin dugu egoera zehatz bati begirako aldarri bihurtu, konpromiso iraunkorra baizik, Gazan bonbaketak etenda ere, palestinarrek zapalduta jarraituko baitute.

Zenbaitek, ordea, edukirik gabeko diskurtsoen bidez eta uneko egoera erabiliz jendartearen elkartasun zintzoa ito nahian dabiltzala ikusteak kezkatzen gaitu.

Erronka garbia da. «Israeli Boikota» ez da aldarrikapen hutsa. Gakoa, boikota praktikara eramatea da. Horretarako Askapenetik herritarrei palestinarrekiko elkartasun manifestuarekin bat egitea eskatzen diegu, instituzioek (Boliviak eta Venezuelak bezala) Israelekin harremanak eteteko, enpresek zapalkuntza hori baliatuz etekinik ez dezatela atera...

Herritarron elkartasuna zintzoa dela badakigu, eta horrela erakutsi du Euskal Herriak egun hauetan. Milaka eta milaka izan dira Palestinarekin bat egin duten herritarrak: Baiona, Irun, Donostia, Orereta, Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Zarautz, Lasarte, Andoain, Tolosa, Ermua, Bermeo, Gernika, Algorta, Bilbo, Barakaldo, Otxandio, Trapagaran, Gasteiz, Agurain, Altsasu, Arbizu, Barañain, Iruñea... Bai eta arloz arlo ere: unibertsitate eta eskolak, presoen lagun eta senideak, langile abertzaleak...

Elkartasunari eustea eta berau boikotaren bidez garatzea izango da erronka hemendik aurrera.

Palestinarrek urte luzeotan zerbait erakutsi badigute ez da komunikabideek erakusten duten sufrimendua, negarra eta miseria, borrokarako erabakitasuna baizik. Ez dezagun, bada, negarrik egin, ekin borrokari: Israeli boikot, Palestina aske izan arte!

 

Gehitu iruzkin berria

randomness