Las campañas de los pueblos solo son débiles, cuando en ellas no se alista el corazón de la mujer

Jose Martí

Se encuentra usted aquí

Lantegi berreskuratuei buruzko hitzaldiak gaur Durangon eta asteazkenean Gasteizen

Argentinako fabrika berreskuratuen inguruko hitzaldiak izango dira Askapenaren brigadisteen eskutik Durangon gaur eta Gasteizen datorren asteazkenean.

Gaur, hilak 26, Durangoko Herrikoan izango da hitzordua 18:00etan eta asteazkenean Gasteizko Errotako Sorgiñe Tabernan 19:00etan.

Gaur egun autogestionaturiko 280 enpresa daude Argentinan eta horien artean aitzindaria Buenos Aires-eko IMPA lantegia da. Bere garaian hiriburuan zegoen enpresa garrantzitsuenetakoa izan zen baina 90. hamarkadan, neoliberalismo basatiaren etorrerarekin jabeek produkzioa etetea erabaki zuten. Langileek ez zuten patronalaren erabakia onartu eta bi hamarkada geroago ezinezko zirudiena erreal bilakatu du autogestioak.

Atzera begiratu eta 90. hamarkadako Argentinara bidaiatu behar da Buenos Aires-eko IMPA enpresaren “beste” historia ulertzeko. Urte horietan, Carlos Menem presidentearen eskutik neoliberalismoak Argentinan lur hartu zuen.

Birus baten moduan kapitalismoaren fase berri honek ordura arte Argentinan existitzen ziren Ongizate Estatuaren arrasto guztiak deuseztatu zituen ; Estatuarenak ziren azken enpresa handiak pribatizatu ziren, langabezia tasa inoizko handiena zen, zerbitzu sozialak iraganeko ilusio bilakatu ziren. Testuinguru honetan beraz, langile klasearen kontrako eraso bortitz honen baitan kokatu behar da IMPA bezalako enpresa autogestionatuen sorrera.

90. hamarkadara arte Buenos Aires-eko enpresarik garrantzitsuenetakoa zen IMPA. Besteren artean, hegazkinentzako motorrak egiten zituen eta ezin esan galerak zituenik. Baina zuzendaritzarentzat irabaziak antza ez ziren behar adinakoak eta lantegia ixtea erabaki zuten. Langileek ordea, ez zuten zuzendaritzaren erabakia onartu eta 1998. urtean lantegia okupatzea erabaki zuten. Argentinako lehen lantegi autogestionatua jaio zen.

IMPAren irakasgaiak

Gaur egun 52 langilek egiten dute lan Buenos Aires erdigunean dagoen enpresa honetan. Aluminioa lantzen dute eta urtean, aluminiozko 700.000 pomo, 400.000 bandeja eta 8 bat tonelada alumio paper ekoizten dute urtean. Enpresa bideragarria da eta Estatuaren partetik ez du laguntzarik jasotzen. Kontrakoa, kolore guztietako Gobernuen partetik trabak eta kasu batzuetan erasoak besterik ez ditu pairatzen.

Edozein kasutan, Argentina izan diren antzeko esperientziekin alderatuta IMPAkoak baditu berezitasun batzuk. Adibidez, lantegia okupatu zutenen artean kaleraturiko langileez gain sindikalgintzako militanteak zeuden. Eta Eduardo Murua, IMPAko langilearen ustez “berezitasun horrek eduki politiko nahiz ideologikoz bete zuen IMPA lantegi autogestionatuaren sorrera”.

Sorreratik bere sustraiei eutsi diete IMPAn : Langile guztiek soldata bera kobratzen dute, berdin du garbiketa eta mantenu lanak egin edo kudeaketa ekonomikoaz arduratu, hilea amaitzerakoan ordain saria berberea da guztientzat. Erabaki garrantzitsuenak asanbladan hartzen dituzte eta lanaren banaketa bakoitzaren gaitasunen arabera egiten da eta gainera, postu askotan txandakatuz doaz.

Jendartea eraldatzeko lantegia

Halere, IMPA aluminoizko piezak egin eta 52 pertsonei lana emateko espazioa fisiko bat baino askosaz ere gehiago da. Proiektu sozial eta kultural bat ere bada eta 1998. urtean lantegia okupatzearekin batera Kultur Elkartea deitu zutena sortu zuten. Bertan, ekimen ugari egiten dituzte baina akaso aipagarriena adindunentzako eskola da.

Argentinan krisiaren ondorioz geroz eta gehiago dira ikasketarik gabeko gazteak eta Buenos Aires ez da salbuespen bat. Horregatik, IMPAko Kultur Elkartean batxillergoa irakasteko kurtsoak antolatzeari ekin zioten duela bolada bat eta datuak ikusita ekimena guztiz arrakastasua dela esan daiteke. Gaur egun, 200 lagunek (gehienak 20 urtetik gorakoak dira) ikasten dute IMPAko “eskola herritarrean” eta bertan jasotzen dituzten tituluek Estatuaren onarpena daukate, alegia, IMPAk ematen dituen tituluak ofizialki baliogarriak direla. Horixe da hain zuzen, Eduardo Murua, IMPAko langilearen hitzetan azken urteotan lortu duten garaipenik handienetako bat.

Hau guztia eta gehiago da beraz, Buenos Airesen dagoen IMPA lantegi autogestionatua. Argentina osoan zehar barriatuak dauden 280 lantegi okupatu horien artean beste bat. Bere berezitasunekin, bere akatsekin eta zergatik ez, Euskal Herriarentzat ere baliagarriak izan daitezkeen hainbat eta hainbat irakasgaiekin.

Askapenako brigadak, 2011ko abuztuan egindako kronika.

 

Gehitu iruzkin berria