Países en desarrollo es el nombre con que los expertos designan a los países arrollados por el desarrollo ajeno

Eduardo Galeano

Se encuentra usted aquí

Milan izango da Elkartasun Astearen azkenengo geltokia

Euskal Herriarekiko Elkartasun Asteak gaur joko du goia, Milanen, bertan egingo duten manifestazio internazionalistarekin. Askapena, Euskal Herriaren Lagunak eta Etxerat elkarteek hitza hartuko dute manifestazioaren bukaeran, Duomo plazan, eta egungo egoera soziopolitiko berria izango dute hizpide.

Euskal Herriarekiko elkartasunak gaina joko du gaur Milanen, herrialde ugaritako kideak jasoko dituen manifestazioan. Askapenak eta EHLk (Euskal Herriko Lagunak) antolatutako Elkartasun Asteko azken ekintza izango da, itxiera ekitaldia.

Europako toki askotatik gerturatuko dira solidarioak Lombardiako hiriburura, astean zehar euren herrialdeetan Euskal Herriaren gaineko hitzaldiak eta mahai-inguruak edota elkarretaratzeak egin eta gero.

Guretik ere berrehun bat lagun abiatu dira Italiarantz, horretarako bide guztiak erabiliz: autobusa, hegazkina nahiz autoa. Gehienak, elkarte sozial edo internazionalistetako kideak, baina hortik kanpokoak ere bai. Orotara, 3.000 bat pertsona bilduko direla uste dute antolatzaileek, aurreko urteetako deialdiek izan duten erantzuna kontuan hartuta.

Martxan parte hartuko dutenez gain, euskal ordezkaritza nabarmena izango da, pisukoa, Etxeratek, Askapenak eta EHLk hitza hartuko dutelako manifestazioaren bukaerako ekitaldian.

"Tanti popoli un´unica lotta" leloak irekiko du arratsaldeko hiruretan Porta Genovatik abiatuko den manifestaldia. Milango Via Torino zeharkatuz, Duomo plazan amaituko da. Bertan egingo dira eguneko ekitaldi eta hitzaldi garrantzitsuenak.

Euskal Herriaren eta Palestinaren arteko elkartasunak leku berezia izango du manifestazioan, herrialde arabiarreko alderdietako zenbait kide Milanen egongo direlarik. Kurdistan, Nepal eta beste herri zapaldu batzuek ere beren ahotsa entzunaraziko dute bertan.

Manifestazioaren aurretik, Euskal Herritik bertaratuek eta bertan zain izango dituzten zenbait solidariok bazkaria egingo dute, eta giro polita sortuko da, beraz, eguerdirako.

Ez da hori izango hitzordu bakarra. Behin ibilbidea osatu eta ekitaldia amaitutakoan, berriro elkartuko dira, Baraonda zentro sozialean afaltzeko.

Musika emanaldiak ere antolatu dituzte, egunari amaiera emateko: Askatasuna eta Gang taldeek kontzertua joko dute.

Milaneko hau izango da ekitaldirik entzutetsuen eta nabarmena, baina otsailaren 17tik 26ra, Euskal Herriarekiko Elkartasun Astean egindako lan eskergaren erakuslea baino ez da.

Izan ere, Europako eta Amerikako makina bat herrialdetan buru-belarri lanean aritu dira Euskal Herriaren Lagunak, Askapenaren eta tokian tokiko elkarte internazionalisten laguntzarekin: Berlinen, Dublinen, Mexiko Hirian edota Bolonian, Euskal Herrian hasi den aro politiko berriaren nondik norakoa askoz hobeto ezagutzen dute.

Elkartasunaren ibilbide horretan, euskal preso politikoek berebiziko garrantzia izan dute. Besteak beste, Etxerat edo Herrira elkarteetako ordezkariak joan dira Elkartasun Astearen harira ekitaldiak izan diren toki gehienetara, eta hala, Beñat Zarrabeitiak edo Manu Ugartemendiak preso politikoen egoera lazgarriari eta dispertsioaren ondorioei buruzko hitzaldiak egin dituzte hainbat herrialdetan.

Mexikotik Bartzelonara

Euskal Herriaren Lagunak elkarteak lan garrantzitsua egin du Elkartasun Astean. Guretik joandako kide guztiei harrera egin, elkarretaratzeak, afariak antolatu... logistika kontuak euren esku egon dira, eta bikain moldatu dira.

Ekintzen aniztasuna biziki baloratzen du Askapenak. Elkarte internazionalistaren iritziz, aurtengo Elkartasun Astea "zabala, ezberdina, eta oso erakargarria" izan da. Mota guztietako ekintzak egin dituzte, bideo emanaldietatik hasi (Mexikon), eta hitzaldi eta mahai-inguruetara (Ipar Irlanda, Argentina), tartean afari eta kontzertuak daudela (Berlin).

Beti bezala, Herrialde Katalanen eta Euskal Herriaren arteko elkartasunak distira berezia izan du. Bi nazioen askapen bideek betidanik izan dituzte ezaugarri komunak, eta kasu honetan ere agerian geratu da lotura hori. Bartzelonako Gracia auzoko Casal del Joves leporaino bete zen Euskal Herriko gazte independentisten hitzaldian, eta Gandia eta Tarragonan antolatutako ekintzek ere harrera ona izan zuten.

Arlo instituzionalean ere ekimen ugari izan dira. Niko Moreno, Elorrioko alkate ohi eta ezker abertzaleko kidea, Milaneko Udaleko alkate eta kideekin batu zen, Euskal Herrian bizitzen ari garen aldaketa garaiaren berri emateko lombardiarrei.

2012ko Martxoaren 3an Garan argitaratutako artikulua

Gehitu iruzkin berria

randomness