Ez al da izango pobreak pobre direla, beren goseak geuri ematen digulako jaten eta beren biluztasunak geu jantzi?

Eduardo Galeano

Hemen zaude

2012ko Boliviako brigadaren 2. kronika

Leonida Zurita Vargas, MAS-IPSP Cochabambako lehendakari eta MAS-IPSPko harreman internazionalen idazkaria denarekin biltzeko aukera izan dugu. Bere garaian Bartolina Sisa emakume nekazarien konfederakundeko burua izan bazen ere, gaur egun gobernuko kide da.

Berarekin izan genuen elkarrizketan, Boliviak bizi duen aldaketa prozesu honetan gobernuak egindako lana azaldu zigun. Elkarrizketa honetan, hainbat gai landu genituen eta TIPNIS-eko (Territorio Indigena Parque Nacional Isiboro Secure) gaiak berebiziko garrantzia izan zuen. Gaur egungo Boliviako gizartean ematen den eztabaida nagusia, Isiboro Secure parke nazionalean Villatunaritik San Ignacio de Moxos-era gobernuak egin nahi duen errepidearen inguruan ematen da. 

Errepide zati hau, Beni eta Cochabamba departamentuak lotzeko gelditzen den zati bakarra da. Gobernuak proiektu hau aurrera eramateko arrazoi nagusia garapena da. Alde batetik, zonaldearen helezitasunaren ondorioz bertako biztanleriaren bizi baldintzak hobetu nahi dituzte: osasuna, hezkuntza, lana.

Izan ere gaur egun zonaldeak bizitzen duen isolamenduaren ondorioz jende asko hil egien da ospitalera garaiz iritsi ezin duelako. Bestetik, Beniko departamentuak Santa Cruzekiko duen menpekotasunarekin amaitu nahi dute. Bertan ekoiztutako produktuak zuzenean beste departamentuei saldu ordez, Santa Cruzeko enpresa handiei saldu behar dizkiete, haiek gainontzeko departamentuei saltzeko.

Proiektu honek Boliviako gizartean sortzen duen gatazkaren arrazoietako bat, TIPNIS parke nazional bat izatea eta bertan indigenak bizitzea da. Dena den proiektua aurrera eramateko, gobernua zonalde horretan galdeketa bat egiten ari da bertakoen iritzia ezagutzeko. 

Honetaz gain, Evo gobernura iritsi zenetik gaur egun arte lortutako onurak azaldu zizkigun. Besteak beste hainbat enpresen nazionalizazioak Boliviako estatuari diru sarrerak handitzen dizkio eta diru horren zati handi bat gizartearen oinarrizko beharretara bideratzen dute. Osasunaren kasuan, zahar eta haurdun dauden emakumeentzako diru laguntza bonoak atera dituzte. Gainera, oinarrizko soldata 400 bolivianotik 1000 ingurura igo dute, pobrezia gutxitu da eta beste hainbeste arlotan ere onurak nabaritu dira. 

Azken finean, beraiek “Buen Vivir” deitzen dutena gizarte osoari aplikatzea dute helburu. Beti ere, garapena Boliviari bere baliabideek ematen dizkioten diru sarrerak dakartzaten onurak biztanleri guztiari banatzea bezala ulertuz. 

Elkartasun truke honi amaiera emateko, Quillacollo herrian ospatu zen kultur jaialdira gonbidatu gintuzten.

 

 

 

 

Gehitu iruzkin berria

randomness