Bi herri ditut maitatzeko eta mundu bat bere alde borrokatzeko

Pakito Arriaran

Hemen zaude

2012ko Venezuelako brigadaren 5. kronika: “El panal” komuna eredugarria

Alexis Vive fundazioko Anarekin 23 de Enero auzoan dagoen El panal komuna ezagutu dugu gaurkoan.

Iraultza bolibariarrak estatu burges zaharra hausteko estatu komunala eratu  nahi du zeinaren oinarrian, herri boterearen funtsezko adierazpide gisa kontseilu komunalak baitauden.

Komunak kontseiluen konfederazioak dira eta oraino kontseiluetatik aipatu konfederazioetarako bidea egin duten tokiak gutti badira ere, horietako bat El Panalekoa dugu.

El Panaleko komuna 2007an eratu zuten eta Anak erran digunez, Zapatisten karakoletatik anitz du. Komunak bizia sortzen du eta kapitalismoaren alternatiba integrala eraiki nahi du. Komuna buruaskia izanen den lurralde egitura da eta, horretarako, komunitateak behar dituen ondasun eta zerbitzuak eskaintzeko azpiegitura sozioproduktibo desberdinak sortzen ditu.

El Panalen adibidez, Santa Rosako kontseilu komunalaren ekimenez joskintza eta ehungintza lantegia dute. Modu berean norberak bere etxea  eraikitzeko erabiltzen diren blokeak egiteko bloke-lantegi ekologikoa sortu dute, baita, azukrea paketatzeko lantegia ere. Gaurko bisitan aipatu hiru lantegiak bisitatu ditugu, nahiz kontseilu komunalak egitasmo sozioproduktibo gehiago ere sortu dituen. Ekimen sozioprodukitboak abiatzeko tenorean Caracaseko alkatetzaren edo gobernuaren laguntzak izaten dituzte: maileguak, aholkularitza.

Lantegi horietako arduradunekin solastatzeko aukera izan dugu eta enpresa sozialak direla erran digute, zeinetan lanaren antolaketa langileen ongizatean oinarrituta egiten baiten. Halaber, jarduera produktiboaren plusbalioa komunitatearen garabiderako erabiltzen da: eskola berritzeko, haurren jangelarako.

Joskintza lantegiari buruz bertan egiten dituzten produktuen kalitatea aipatu digute; izan enpresa kapitalisten helburu nagusia etekinak etengabe pilatzea denez erabilerarekin aise iraungiko diren produktuak egiten dituzte. Enpresa sozialetan aldiz, kalitateak garrantzi berezia du, zeren ekoizten dituzten ehunkiak adibidez komunitateako kideek erabiliko baitituzte, hau da, beren seme-alabek, ahaideek, ezagunek.

Bertzalde etxeak autoerakitzeko blokeen lantegi ekologikoak, merkatuan erosi daitezkeen blokeak baino merkeagoak egiteaz gain, bloke arruntak baino ekologikoagoak egiten ditu: porlan guttiago erabiltzen dute, oinarrizko legarra aise ateratzen ahal eta ondorioz ingurunean kalte ttikiagoa egiten du eta eguzkitan lehortzen dira.

Gainerakoan Anak Alexis Vive fundazioaren berri eman digu. Taldeak 23 de enero auzoan lana egiten du eta bokazio iraultzailea duen herri-erakundea da. Komunitatearen motore izan nahi dute, hortaz, beren burua ez dute aitzindari edo banguardia gisa antolatzen edo aitortzen. Fundazioak komunan buru belarri parte hartzen du, baita komunitatean ere. Formazio politikoa kontzientzia kritikoa sustatzeko tresna gisa ulertzen dute, ez dogma moduan; hala, iraultza kontzientzi politiko afera dela diote eta ez klitxeena; horrela marxismoa zorrotz eta sakon aztertzen eta ikasten dute.

Alexis Vive erakundea auzoarekin erabat engaiaturik dago eta  taldearen izena  2002Ko Chavezen kontrako estatu kolpean hil zuten Alexis Vive kidearen oroimenez paratu zuten. Anak aipatu digunez sozialismoa biziaren autogestio eta autogobernu gisa ulertzen dute, horretarako gobernuak baliabideak eskaini behar ditu baina gero komunitateak antolatu eta planifikatu behar ditu, horretarako lehenago komunitateak bere burua antolatuz. Anak jakinarazi digunez IV. Errepublikaren aldian Venezuelako ezkerra erresistentzia borrokan erabat murgildurik ibili zen, baina ez zen politikoki ezta teknikoki prestatu, ez zuen sobera ikasi, eta hori, prozesuaren garapenean ahultasun bat izan da; zorionez orain, gainditzen ari direna.

Alexis Vive fundazioak ere hainbat ekimen sozioprodukitbo abiatu ditu okindegia, loredenda. Bertan militanteak eta langileak aritzen dira eta helburua oinarrizko hainbat zerbitzu auzoan bertan eskaintzea da. Modu berean, gainbalio guztia komunitatearen garabiderako da. Anak erran digun moduan klase kontzientzia sentitu eta bizi beharra dago.
 

Gehitu iruzkin berria

randomness