Zatozte borrokara eta bat egin bataila luze honetan litekeen kausarik zintzoenaren alde: gizon-emakumeen askapena

Bob Dyle

Hemen zaude

Deskolonizatuz eraiki, eraikiz deskolonizatu: Bolivia eta Euskal Herria

Independentzia lortu zuen Boliviak 1825ean,  baina eskubide osoko herritar izateko aukera ukatzen zitzaion gizartearen %90ari (emakumeak, indigenak, jabetzarik ez zeukatenak). Horregatik, esan daiteke barne mailako kolonialismoak eta menpekotasunak indarrean jarraitu zutela urte luzez.

Hala ere, Boliviako herri sektore ezberdinen erresistentziak nabarmenak izan dira: 1952an meatzari eta nekazariek Iraultza Nazionala burutu zuten. Indigenek lurraren gaineko eskubidea lortu zuten. Haatik, arrazismo ekonomiko, kultural eta politikoak jarraitu zuen. 2000. eta 2003. urteetan hainbat altxamendu gertatu ziren, tartean, herriak transnazional bat kanporatzea lortu zuen. Altxamendu horien subjektu politiko nagusia indigenak izan ziren. Hain zuzen ere, testuinguru horrek ahalbidetuko du MAS mugimendua Gobernura iristea eta, horrekin batera, deskolonizazio prozesu integral bat martxan jarriko da. Prozesu horrek hezkuntza, justizia, demokrazia eta ekonomiaren berdefinizioa ekarriko du, hau da, bizitza bera berdefinituko da.

Prozesu honetan abian jarri da demokrazia interkulturala. Kontzeptu hori legearen interpretazioa da, mendebaldeko moduetatik ateratzeko beharrezkoa. Horren barruan 4 demokrazia mota bereizten dira, haien artean osagarrituz: Ordezkatzailea (bozka aktibo eta pasiboa bermatzen ditu), zuzena edo parte hartzailea (erreferendumak, kontsultak) eta komunitarioa (jatorrizko herrien jakintzen aitortza eta erabakiak komunitatean hartzeko eskubidea). Azken horretan autoritateak rotatiboak dira eta gizon eta emakumeek osatzen dituzte. Ardura bakoitzak bi generoak izango ditu ordezkari; horren helburua elkar osagarritzea da. Bertan hartutako erabakiak bete beharrekoak dira. Horretarako unitate deskolonizatzailea dago Gobernuan, komunitateko praktika eta erabakiak Estatuko egituretan txertatuko direla bermatzeko.

Gaur egun, Boliviako Estatua bereziki demokrazia ordezkatzailean indar egiten ari da; izan ere, oso garrantzitsua da Evoren ordezkaritza mantentzea. Hori horrela, demokrazia komunitarioa da aurrerapauso gehien behar dituena, boliviarren ustez azken hori guztiz garatzea lortzen denean lortuko baita benetako demokrazia interkulturala.

Arlo juridikoak ere beharrezkoak ditu aldaketak deskolonizazio prozesuan. Hori dela eta, egun hiru esparru bereizten dituzte justizian: tradizionala, dekoloniala eta agroanbientala. Konstituzionalak azken sententzietan onartu berri du jatorrizko herrien eta nekazarien justizia eremua. Herritar guztiek justizia penala izateko eskubidea bermatzea du oinarri, baita herri indigenek ere. Horren prozeduran garrantzitsua da ikerketa kultural eta antropologikoa, prozesu juridikoa aztertu eta konstituzioaren baloreen barruan (giza eskubideak, bizitza) sartzen den  eta ea ekintza eta zigorra elkarren proportzionalak diren ikusiz. Azkenik, justizia agroanbientala dute; horren nahia da  ingurumena, herria eta pertsonaren osasuna zaintzea.

Boliviako eredu ekonomikoaren helburuak interes indibidualaren eta ondo bizitze kolektiboaren arteko oreka bilatzea izan behar du. Hori lortzeko ekonomia sozial komunitario produktiboa sortu dute. Soziala da ekonomiak herriaren zerbitzura egon behar duelako. Baliabide naturalak industrializatzea eta estraktibismoari mugak jartzea ulertzen dute ekonomia produktibotzat. Azkenik, komunitarioa dugu; izan ere, arlo honetan ezin dira ahaztu jakintza komunitarioaren logika eta balioak, elkartasunean oinarritutakoak. Gaur egun, ordea, ekonomia estatala da nagusi, bigarren mailan pribatua dago, hirugarrenean kooperatiboa eta azkenik komunitarioa. Horrek ez du esan nahi ez dutenik bidea egiten jarraituko, idealtzat hartuta baitute logika komunitarioa izatea merkatuan nagusi.

Hezkuntza ez da atzean geratu deskolonizazio prozesu honetan. 2008ko maiatzan Sucreko unibertsitatean ikasleek indigenak jazarri eta umiliatu zituzten. Inflexio unea izan zen unibertsitate indigenak sortzeko, unibertsitate komunitario, deskolonizatzaile, interkultural eta produktiboak. Abuztuan 3 unibertsitate indigena sortu zituzten: Aymara, Quechua eta Guarania. Transbertsalki jorratzen dituzte kosmobisioa, deskolonizazioa, herri indigenen historia eta mugimendu sozialak. Finean, herritik herriarentzat sortua izan da, historikoki alboratu diren pertsonen eskubideak bermatzeko: bertako hizkuntzan ikasi eta bertakoa ikasteko. Oinarri nagusitzat dute bizitzaren bermea, alegia, naturarekin bat bizitzea, eta, nola ez, ikasitakoa komunitateetan aplikatzea.

Txalogarria da boliviarrek hartutako hautua. Arazoaren oinarria identifikatzea lortu eta sustraietatik eraldaketa prozesua sortzen ari dira. Euskal Herrian aspaldidanik ari gara borrokan, sustraietatik tira eginez lanean. Ikasle mugimenduak aspaldidanik du aldarri “Euskaraz ikasi, Euskal Herria ikasi”. Ekonomiari dagokionean, euskaldunok auzolanean betidanik jardun gara. Demokraziari dagokionez, herri asanbladak burutzen ditugu. Hala ere, bide luzea dugu aurrean modu horien aitortza lortu eta erdigunean jarri nahi baditugu. Noizko Euskal Herri kristauaren deskolonizazioa? Noizko euskal kosmobisioa oinarri duen hezkuntza? Noizko Euskal Eskola Naziola? Noizko euskaldunok zapalduko ez gaituen justizia? Noizko...

Gehitu iruzkin berria

randomness