Ez al da izango pobreak pobre direla, beren goseak geuri ematen digulako jaten eta beren biluztasunak geu jantzi?

Eduardo Galeano

Hemen zaude

Euskal Herriak Iraultza bolivartarrarekin bat: larunbatean herri bazkaria Pausun eta iritzi artikulua Berrian

Venezuelako iraultza bolivartarra sustengatzeko internazionalistok hainbat ekimen antolatu genituen.

Beste batzuk, ordea, datozen egunotan burutuko dira: agerraldiak, konzentrazioak, komunikabideetan iritzia plazaratu, sare sozialetan, datorren igandeko hauteskunde presidentzialen aurrean elkartasun internazionalista eta babesa helburu dutela.

Pausuko Xaia Ostatuan, Urriaren 6an,  larunbatarekin, herri bazkaria antolatu du Irungo Askapenak:

Bazkaldu ondoren musika zuzenean izango da eta txartelak 15 eurotan, Irungo "Hazia" eta Pausuko Xaia Ostatuan badira eskuragai.

Joan den astelehenean Bilbon eginiko agerraldi bisuala: Bolivar etorri zitzaigun eta mezu argia ekarri zigun. 

Berrian argitaratutako iritzi artikulua: Venezuela U-7

Datozen egunetan Venezuelak bere etorkizuna erabakiko du. Urriaren 7an bi eredu oso ezberdin aurrez aurre jarriko dira presidentea hautatzeko hauteskundeetan, eta horien emaitzek neurri handi batean azalduko dute iraultza bolibartarrak, maila kontinentalean, aurrera jarraitzeko eta fruituak emateko ahalmena mantentzen duenetz.

Venezuelako errealitatea ezagutuz gero, aukera erraza da. Alde batetik, Hugo Chavez Frias daukagu, aldaketa ekarri zuen presidentea, arazo handiekin eredu zaharra alde batera utzi eta sozialismoa eta herri boterearen Venezuela honen oinarriak finkatu dituena. Eta, beste aldean, oposizioaren hautagai bakarra, Henrique Capriles Radonski, zalantzarik gabe eredu zaharraren adostasuneko ordezkaria, sistema zaharkitu eta aski ezagunarena, Estatu Batuen morroi zen Venezuelarena, beti ahaztuak ziren txiroena, aitorpen eta eskubiderik gabeko jatorrizko herriena, kapitalismo basatiarena, herri xumea analfabetismora kondenatzen zuena... Herria nekatu zuen eredua.

Euskal Herriko internazionalismotik hausnarketa hau egitea erraza egiten zaigu; izan ere, munduaren zati horrekin hamarkadetan partekatu ditugu borrokak, eta dugun harremana zuzena da, ideologikoa, samurra. Horrexegatik, ezinezkoa da gaur egun komunikabideek bere pozoiekin guri ziria sartzea, boterearen, betiko boterearen morroi diren komunikabide horiek, Chavez diktadore gisa aurkezten duten eta Capriles Venezuela «demokratizatzeko» itxaropen bakarra dela esaten duten komunikabide horiek, izenak aldatuta ere ez gaituzte engainatuko.

Hala izan beharko ez baluke ere, internazionalismoan orain dela asko konturatu ginen gure lanaren zati handi bat informatzea izan behar dela, borroken egia jakinaraztea, gure borrokarekin egiten duten bezala, ezarritako sistema erortzen saiatzen den edozein borroka ere gezurren bidez baliogabetzen saiatuko zirela bagenekielako.

Horregatik idazten dugu hau, horregatik saiatuko gara lerro hauetara errealitate pixka bat ekartzen, eta horregatik kontatuko dugu zer den eta zer izan den Venezuelako herria. Venezuela petrolioan aberatsa zen, petrolio honen etekinarekin, honen ekoizpenaren eta estatuaren funtzionamenduaren kontrolarekin bere poltsikoak bete eta abiadura handiz aberasten zen oligarkia bat zuelarik.

Hego Amerikako beste puska bat zen heinean, herri langilea eskubiderik, osasunik edo hezkuntza onik eduki gabe sistema sostengatzen zuen bere esku lanaz. Dena salgai zegoeneko baina ia inork erosi ezin zueneko herrialde bat zen, ehunka mila pertsona urik gabe maiz eta denbora luzez gera zitekeen herrialde bat, urre beltza dirua bihurtzen zuen estatua, Venezuela eta Estatu Batuen erdibidean bizi zen burgesia aberatsaren ondasuna handiagotzen zuen herrialde hori zen joan den mendeko Venezuela.

Zapalkuntza dagoen lekuan neurri handiago edo txikiago batean askapen borroka egongo dela gauza jakina da, eta Venezuelako kasuan ez du zentzurik prozesu hau guztia Chavezen lan esklusiboa dela pentsatzea; presidenteak lortu duena hamarkadetan sortu zen mugimenduen borroka iraultza bolivartarraren baitan biltzea da, eta indar horrek ematen duen boterearekin 13 urte darama sistemari buelta emateko lanean murgilduta; gainera, berez korapilatsu den lan honetan inperialismoaren erasoak eta sabotajeak etengabekoak dira.

Zailtasunak handiak izanik ere, antzekotasun gutxi dauzka gaurko Venezuelak orain dela 13 urte zenarekin. Izan ere, bertako petrolio-ekoizpena herriaren zerbitzura jarri da, zorupetik datorren aberastasuna gaur egun herriari itzultzen zaio, zenbaezinak dira auzoetan sortu diren osasun-zentroak, hamarka mila eskola ezarri dira auzoetan, erabiltzen ez den lurra lurjabe handien eskuetatik berreskuratu eta nekazariei eman zaie, alfabetatze proiektuak ezarri dira herrialde osoan analfabetismoa Venezuelatik ezabatzera iritsiz, funtsezko produktuen banaketa biztanleria osoari bermatu zaio, erabat murriztu dira muturreko pobrezia eta egunero benetako herri boterea lortzeko eta eredu ekonomiko zaharkitua eraldatzeko lan egiten da.

Arlo ekonomikoan lorpenak ikusgarriak izanik, egiazko aldaketarako beharrezkoak diren Komunen erakuntzak suposatzen duen herri parte hartzerako bideen ezarpena ez da garrantzi txikiagokoa. Informazioaren pozoitzez beteriko urte hauetan, komunitate, herri, auzo edota herri mugimenduek bultzatutako komunikabide alternatiboen sorkuntza izan da gehien landu den apustuetako bat, arlo politiko eta kulturalean garrantzi handia eskuratuz. Urteotan, musika, literatura, antzerkigintza, zinema eta era horretako esparruetan bestelako aisialdi alternatibak sortu dira, pentsaerak aldatuz eta gizaki berri baten sorkuntza sakonduz.

Prozesu honetan azpimarratu beharreko beste esparru bat borroka feminista eta transgeneroa prozesu iraultzailearen barnean hartzea izan da. Sektore hauek ikusezintasunetik esparru publikoan ekimena edukitzera pasa dira, haien borroka kritiko eta ekintzaile egonkorrari esker. Asko dago egiteko, baina jadanik ez dago hau geldiaraziko duenik.

Benetan zaila egiten da Venezuelako herriak bere bozka, borroka eta lanaz bultzaturiko aldaketa guztiak zerrendatzea. Hasitako bide horretan fruitu asko jaso dira, eta ataka zein traba asko daude gainditzeko, Venezuelako herriak bizi duen eraldatze sozial eta politikoa sendotzeko bidean.

Urriaren 7an hauteskundeak heltzen direnean, herri horrek berriz ere bi ereduren artean erabakiko du, Venezuelarako baina baita Latinoamerika eta Karibe osorako bi ereduak diren horietan. Venezuela ALBAren abangoardia da, pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurka borrokatzen den ALBA horren muturra, beste herrietatik hurbiletik jarraitzen dugun eredu horren burua, eta hemengo internazionalistok urriaren 7an Venezuelak benetako herri boterea lortzeko eta kapitalismoa apurtzeko beste bultzada bat ematea espero dugu. 

Ane Labiano eta Fakun Aznarez

(Komite Internazionalistak eta Askapena)

 

Gehitu iruzkin berria