Mendi altu-altu baten gailurra egin eta gero, igotzeko beste mendi altu asko geratzen zaizkigula ohartzen gara

Nelson Mandela

Hemen zaude

Giza eskubideen urraketak salatzeko manifestazioa galarazi du Marokoko poliziak Saharan

Robert F. Kennedy Center for Justice and Human Rights erakundeak El Aaiun Saharako lurralde okupatua bisitatu du. Helburua giza eskubideen urraketen inguruko txostena prestatzea da. Estatu Batuarrak hemen zeudela aprobetxatuz manifestazioa antolatzen saiatu dira sahararrak bizi duten zapalkuntza egoera agerian uzteko. Askapenako brigadako kideok manifestazioa gertutik jarraitzea erabaki dugu eta hona hemen ikusitakoaren testigantza.

Manifestazio eskubiderik ez dago Mendebaldeko Saharan. Deialdia arratsaldeko 5etarako egina bazegoen ere beste behin ere ez da posiblea izan gauzatzea. Kale guztiak poliziaz gainezka zeuden, uniformatuak eta uniformerik gabe. Gure atzetik eduki ditugu uneoro poliziak. Smara hiribidetik bueltaka egon gara, Matala auzoan sartzen ginelarik eta berriro hiribide berdinera bueltatuz. Hasieratik argi ikusi dugu gure presentzia deserosoa zela indar errepresibo marokiarrentzat. Ezkutatu nahi duten zapalketa egoera kanpoko lekukoek ikustea ez dute batere gustoko. Gatazka honen informazio ezak okupazio egoera mantentzea ahalbideratzen du.

Aldiz, saharauiarrek beraien albotik pasatzen ginenean uneoro gora Sahara askea, gora Polisarioa eta antzeko oihuak botatzen zizkiguten eta gure presentzia eskertzen zuten. Momentu batean jende pilaketa txikia ikusi dugu eta gerturatu ahala emakume bat lurrean zegoela ikusi dugu, poliziak jipoitua. Polizia sekretuak ez digute utzi gerturatzen eta handik joateko esan digute era txarrean eta irainen artean. Beste bi alditan saiatu gara gerturatzen baina polizien agresibitate eta irain maila areagotu da. Zorte txarragoa izan dute saharar batzuek, ospitalean edo atxiloturik amaitu baitute haietako batzuk.

Handik arestian aipatutako EEBBko erakundeko epaile batekin egoteko aukera eduki dugu eta ikusitakoaren berri eman diogu saharar askoren testigantzaren artean. Hori amaituta ospitalera joan gara poliziak guri itsatsirik genituelarik, ospitalean ere, gure lekukotza ez baitzen batere gustokoa errepresorentzat. Han zauritutako 3 emakume ikusteko aukera izan dugu, kolpatuak izan direnak.

Gaur ikusitakoa errealitate krudel baten parte txiki bat besterik ez da, estatu polizialarena. Hots, egunero protestak daude Sahara okupatuan eta atxilotuak eta zaurituaz gain, torturatuak eta kasu batzuetan hildakoak eta desagertuak badaude ere. Marokoko erregimen arrazistak eman nahi duen normalitate irudiaren aurrean eguneroko protestak eta errepresioa argi uzten du zein den hemen zapaltzailea eta zein zapaldua baita Saharako herria ez dela kikildu eta ez dagoela asimilaturik ere.

Gehitu iruzkin berria

randomness