Soilik emakumeon bihotzak bat egiten ez duenean dira ahulak herrien ekimenak

Jose Martí

Hemen zaude

Imaginarium-en aurrean salaketa: "Ez jolastu palestinarren zapalkuntzarekin!"

"Ez jolastu palestinarren zapalkuntzarekin!" sensibilizazio kanpainaren barruan atzo konzentrazioak burutu ditugu Imaginarium jostailu denden aurrean Gasteizen eta Bilbon. Hamarnaka lagunek bat egin dute Euskal Herria Palestina Sareak eginiko deialdiarekin.

Bilbon, Palestinarekin elkartasunaren nazioarteko egunean, Bilboko BDS (Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) taldea osatzen duten erakundeek Indautxuko Imaginarium aurrean elkarretaratze bat egin dute, denda honetan "Made in Israel" jostailuak salgai daudela salatzeko. 

Ekimen hau Euskal Herrian zehar egiten ari den kanpainaren barruan dago, "Ez jolastu Palestinarren zapalkuntzarekin! Israeli boikot!" lelopean. Bertan, 20 lagun inguru bildu dira. Bezeroei eta inguruetan zegoen jendeari triptikoak ere banatu dizkiete kanpaina hau eta BDS kanpaina orokorra azaltzeko.

Boikot ekintza honen ondoren, Bilboko Hika Ateneoan afari palestinar bat egin da Palestinarekin elkartasunean dabiltzanen artean.
 
Gasteizen berriz 20 lagun bildu ziren Dato kaleko Imaginarium-en aurrean. Propoganda banatuz, bezero eta oinezkoei kanpainaren helburiak eta nondik norakoak azaldu zizkieten.
 

Ez jolastu Palestinarren sufrimenduarekin!

Aski ezaguna da palestinarrek egunerokoan jasan behar duten sufrimendua, herri zapaldu izaki,  badakite ongi jakin ere, euren herriaren alde egiteak zenbateko eta noiz arteko kostu pertsonal eta kolektiboak dakartzan. Beraz, azaroaren 29an,  palestinarren aldeko nazioarteko elkartasun egunean, mezua, zuzen dezagun elkartasunak nolakoa behar duen, bi herron arteko elkartasun sentimendu oro presio bide eraginkor bilakatuz.

Azken urte luzetan,  agintariek eta naioarteko erakundeek ezer gutxi egiten zutela ikusita, palestinako jendarte zibilak,  Israelen aurkako BDS (Boycott, Divestment and Sanctions) nazioarteko kanpaina jarri zuen abian 2005ean.  Hegoafrikako Apartheid erregimenaren aurka egindako boikot eta zigor kanpaina ez-bortxazkoa eredutzat hartuz. Zenbaitek, bestelako irakurketa oker eta interesatua egin badu ere, kanpaina antisemita gisara planteatuz, boikotak,  Israel presionatzea du helburu; lurren okupazioa, kolonien eta harresiarekin amaiera, Israelen bizi diren palestinarren eskubideak bermatzea eta errefuxiatuek itzultzeko duten eskubidea errespeta dezaten.

Horrela beraz, abenduaren ateetan gauden honetan, nahiz eta poltsikotan behar baino  zulo gehigo ageri, izango da aurten ere zer erosia, seguraski.  Boikotarekin bat eginez ordea,  jostailu israeldarren aurkako egitasmoan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Gure jostailu dendetan, 'made in israel' (729 barra kodea) jostailuak non nahi topa baidaitezke, batez ere, adin txikiko haurren apaletan. Itxuraz hain kaltegarriak ez  diren produktuen bidez, Israelek,  dituen harreman komertzialak bere erregimena legitimatzeko eta Nazioarteko Zuzenbidearen zein giza eskubideen aurkako   urraketak estaltzeko baliatzen ditu. Jolasteko eskubidea guztiona den heinean, gure jolasek ez dezatela besteen jolasik oztopa. 

Joka dezagun arduraz!

BDS kanpaina

2005eko uztailean palestinar gizarteko 200 elkarte baino gehiagok nazioarteari deialdia egin zioten. Deialdi hark, palestinar herriarekin elkartasuna adieraztea eta Israeleko estatuari boikota, desinbertsioak eta zigorrak bultzatzea zuen xede. Mundu zabaleko erakunde eta elkarte askok deialdi horren lekukoa hartu eta elkartasun deialdi horri erantzuteko konpromisoa hartu dugu. Horren adibide dugu, urtero martxoaren 30arekin batera mobilizatzen garen herritarrak.

20 elkarte, erakunde, alderdi politiko eta sindikatu baino gehiagok PACBI idatzia sinatu genuen Irunen eta mobilizazio ezberdinak burutu genituen. Testu hau, Israelgo estatuari boikota, desinbertsioak eta zigorrak ezartzean datza, hurrengo hau gertatzen den bitartean:

-Palestinar errefuxiatuen itzulera eskubidea errespetatzen ez den bitartean.

-Palestinar herriaren eskubide zibil eta politikoak ukatuak dauden bitartean, israelen bizi diren palestinarrei apartheid arauak ezartzen zaien bitartean.

-Zisjordania eta Gazaren okupazio militarra eta kolonizazioak dirauen bitartean, nazioarteko legedia eta NBEren ebazpenak bortxatuz.

Palestinarekin nazioarteko elkartasun kanpainaren adibide dugu Hondarribian ospatzekoak ziren gastronomia jardunaldiak, non lurraldeak modu ilegalean okupatu, erahilketak burutu eta NBEren ebazpenak betetzen ez dituen estatu baten itxura normalizatua zabaltzeko intentzioa zegoen.

Bide horretan eta Israel-i boikota zabaltzeko nazioarteko deialdiaren karietara, larunbata honetan, martxoaren 26a goizeko 12etan, konzentrazio bat deitzen dugu. Mobilizazioa Alcampon burutuko dugu, Imaginarium-eko dendari israeleko produktuak ez saltzeko eta era berean, estatu horretan egun dituen inbertsioak eten ditzala eskatzeko estatu horrek palestinar herriaren eskubide zibil, politiko eta giza eskubideak errespetatzen ez dituen bitartean.

“Made in Israel” produktuak dituen Imaginarium denda palestinar herriaren eskubideak bortxatzen dituen estatu baten kolaboratzailea da eta palestinarren egoera jasangaitzaren konplizea bilakatzen da. Horregatik, Imaginarium dendari Israelgo estatu sionistarekin dituen akordio komertzialak eteteko eskatzen diogu. Bitartean, Imaginarium eta bera bezala Israelekin akordio komertzialak dituztenei boikota eskatzen jarraituko diegu.

Gora Palestina askatuta!

Euskal Herriko sustatzaileen gutuna

Behean sinatzen dugunok Israelen aurka Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpaina (BDS ingelesez) sustatzen dugun Estatu espainiarreko jendarte zibileko taldeak eta pertsonak gara.

BDS erakunde israeldarrei zuzentzen den bortxakeriarik gabeko estrategia da. Salbuespen gisa, haien legez kontrako politikak aho betean babesten dituzten herritar israeldarrei ere zuzentzen zaie. Okupazio israeldarrari etekina ateratzen dioten edo haren konplize diren nazioarteko erakunde guztiei ere zuzenduta dago.

Mugimendua ez da bideratzen inongo erlijio-talde edo talde etniko, nazional edo linguistiko jakinen aurka, Nazioarteko Zuzenbidearen kontrakoak diren politika batzuen aurka baizik. Mundu osoko juduen artean lortzen ari den babesa gero eta handiagoa da: adibidez, Naomi Klein kazetari kanadarra, Ilan Pappe historialari israeldarra edo Jewish Voice for Peace (AEB), Bakearen aldeko Emakumeen Koalizioa (Israel) eta Israelgo BDS taldea bezalako erakundeak.

2005ean Palestinako gizarte zibileko 170etik gorako erakundek 2005ean egin zuten deian azaltzen denez, BDSren helburua Israelen gaineko presioari eustea da, estatu horrek herri palestinarraren oinarrizko hiru eskubideok onartzen dituen arte:

  •  1967ko okupazioaren amaiera eta harresiaren eraispena.
  • Israelgo herritar arabiar-palestinarrek berdintasun osorako duten eskubidea.
  • Errefuxiatu palestinarren itzultzeko eskubidea.

BDSren aldeko mugimenduak Hegoafrikako apartheid erregimenaren eta Israelgo erregimenaren artean egiten duen konparaketa Nazioarteko Zuzenbideak «apartheid krimena» deiturikoan oinarritzen da. Estatu Batuetako presidente ohi Jimmy Carterrek eta Hegoafrikako zenbait pertsona ospetsuk ere, Desmond Tutu Bakearen Nobel saridunak kasu, horrelaxe erabili dute.

Elkarrizketek eta negoziazioek, 1993ko Osloko akordietatik, ez dute lortu herri palestinarraren eskubideen aitorpena. Nazioarteko komunitatearen ezintasunak, Israelen borondate faltak eta palestinarren ahuleziak porrotera eraman dituzte negoziazioak bata bestearen atzetik. BDS Israel/Palestinan bidezko bakea lortzeko estrategiarik eraginkorrena da; bertan bizi diren bi herrien eskubideekiko berdintasunezko errespetuan oinarritutako bakea, alegia.

 

SINATZAILEAK: Ana Ollo (Komunikazio zuzendaria, NUPeko irakaslea); Karlos Perez de Armiño (Nazioarteko Harremanetako irakaslea EHUn); Fito Rodriguez (EHUko irakaslea eta idazlea); Juan Hernandez (EHUko irakaslea eta Hegoako kidea); Alex Arizkun eta Txuri Ollo (NUPeko irakasleak); Jose Daniel Gutierrez (EHUko irakaslea); Gonzalo Fernandez (Hegoako koordinatzailea eta EHUko irakaslea); Josu Martinez (zinema zuzendaria); Fredi Paia (bertsolaria); Gotzon Barandiaran (idazlea); Aroa Lasa (musikaria); Gari Berasaluze (idazlea), Manex Agirre bertsolaria; Joxe Iriarte Bikila Gorripidea-Zutikeko kidea eta idazlea; Jon Aranburu, Axier Lopez, Richard Wendling, Ainara Gorostitzu, Alberto Pradilla, Martxelo Diaz, Anakoz Amenabar (kazetariak); Fernan Bilbao (ESK); Manolo Sobrino STEE-EILAS sindikatuko Idazkaritza Nazionaleko kidea, Igor Urrutikoetxea (LABeko Nazioarteko idazkaria); Galder Olibares (Igorreko alkatea); Alazne Olaizola (Zestoakoa); Aitor Sarasola (Alegiakoa); Jesus Mari Mendinueta (Arbizukoa); Mikel Basabe (Aralarreko legebiltzarkidea); Nekane Perez (NaBaiko parlamentaria); Jose Navas Amores (Gasteizko EBko zinegotzia); Antxon Belakortu (Gasteizko EAko zinegotzia), Jose Mari Balzako, Nafarroa Bai Tudela, Martin Garde concejal de Aralar Baztan, Marine Pueyo (ezker abertzaleko Iruñeko zinegotzia), Itziar Gomez Iruñako NABAIko zinegotzia eta Koldo Amezketa Nafarroako parlamentaria, Txelui Moreno, Ezker Abertzaleko kidea, Tasio Erkizia, Ezker Abertzaleko kidea, Miren Legorburu, Hondarribiako udalean zinegotzia eta Ezker Abertzaleko kidea, Marian Beitialarrangoitia, Hernaniko alkatea eta Ezker Abertzaleko kidea, Agurne Barruso, Bergarako alkatea eta Ezker Abertzaleko kidea, Niko Moreno, Elorrioko alkatea eta Ezker Abertzaleko kidea, Ana Mezo, Ezker Abertzalearen nazioarteko bozeramailea, Kattalin Madariaga, Ezker Abertzalearen nazioarteko bozeramailea, Gorka Elejabarrieta, Ezker Abertzalearen Nazioarteko bozeramailea; Europako BDS; EH-Pasletina Sarea, RED MEWANDO (CONGDs, Mundubat, Paz con Dignidad, Biladi y Paz y Solidaridad)...

 

 

Gehitu iruzkin berria