Nahiago zutik hil, belauniko bizi baino

Dolores Ibarruri

Hemen zaude

Kolonbiako itxaropena, Martxa Patriotikoa

Kolonbiako Marcha Patriotica mugimenduaren sorrera ospatzearekin batera, fenomeno politiko gisa hobe ulertzearren, egileak azterketa sakona eskaintzen du Kolonbiaren egoera soziopolitikoaz eta bere estatu-politikaz.

Pribatizazioak, gerraren aldeko politika, neoliberalen atzegoardia papera... aztertzen ditu, Kolonbia «Hego Ameriketako Israel» bihurtu nahi dutela salatuz. Marcha Patrioticarekin «alternatiba berri indartsua» sortu dela dio, Union Patrioticaren oinorde. Ezker abertzalea, dio amaitzeko, elkarkidetza politikorako prestu da, «geurea eskainiz».

Kolonbian apirilak 21,22 eta 23 bitartean Marcha Patrioticaren aurkezpena egin da. Marcha Patriotica mugimendu politiko eta sozial gisa jaio da eta 1.300 eragile ezberdinen babesa jaso du, eta bere burua aldaketa politiko-sozialerako instrumentu bezala jo du. Aurkezpenean izan da ezker aber- tzalea eta bertan lehen pertsonan ikusi dugu Kolonbian sortzen ari den fenomeno berria.
Kolonbiaren estatu politika: Kolonbia biolentziak kolpatutako gizartea da, biolentzia gizartean muineraino sartua dago eta Biolentzia estrategia honen arduraduna Estatua bera da, Estatuak gerra negoziorako tresna bihurtu du. Gaur egun, Kolonbiaren Estatu politika, Amerikako Estatu Batuen (AEB) politika da. Hego Amerikan azken hamarkadan eman diren aldaketa nabarien aurrean, Kolonbia Hego Amerikako Israel bihurtu dute.

Herrialdearen Pribatizazioa: Kolonbiako gobernu kontserbadoreak herrialdearen aberastasunen % 80-a kanpoko transnazional finantzieroen esku utzi du. Esan bezala transnazionalek Kolonbian inbertitu dezaten lehengaien inguruko sektorea pribatizatzen ari da Estatua; petrolioa, mineria, lur latifun- dioak...Kolonbiak petrolioa dauka bere lurpean, baina egun petrolioa inportatu egiten du.
Lur aberastasun guzti hori pribatizatu eta kanpoko indarrei saldu ahal izateko nekazari eta indigenak beren lurretatik bota dituzte; azken urteetan 5 milioi desplazatu inguru izan dira, 175.000 lagun paramilitarrek erailak edo «faltsu positiboak» bezala ezagutzen direnak (nekazariak erailtzen dituzte gerrillako kide balira bezala aurkeztuz). Basakeria hau egiteko ejertzitoa eta paramilitarrak erabiltzen ditu estatuak.

Neoliberalismoaren atzegoardia Hego Amerikan: Kolonbiak egun duen beste funtzioa zera da, ezkerreko alderdiak agintean dauden herrialdeetan barne tentsioak sortzea. Estrategia horretan dauden indarren erretagoardia bihurtu da. Kasu; Brasil, Ekuador edota Venezuelako oligarkak Kolonbian daude gotortuak eta hemendik ari dira herrialde horien desestabilizazioa eragiten.
Hego Amerikaren kontrol eta militarizaziorako gunea: AEBk narkotrafikoaren aurkako borrokaren aitzakiapean 7 base militar ditu bertan kokatuak eta hemendik ari da Hego Amerika kontrol militarra gauzatzen.

Alvaro Uribe presidente ohiak, gerra estrategia areagotu eta oposizio oro kriminalizatu zuen, elkarrizketa eta konponbideari ate guztiak itxi zizkion eta garai honetan hasi ziren «faltsu positiboen» politika ankerra zein herritarren aurkako eraso masiboak. Uriberen herri babesak ondoa jo zuenean, Kolonbiar oligarkiak aldaketaren beharra sumatu zuen. Santosek hartu zuen agintea eta hasiera batean herri- tarren onarpen handia jaso bazuen ere azken ur- tebetean bere herri babesa jaisten doa. Santosek nazioartean bere irudia mantentzen duen arren Kolonbian bere irudi ona pikutara doa, hedabide eskuindar kolonbiarren arabera ere.

Alternatiba berria indartsu: Egoera latz honen testuinguruan eta Kolonbiako gatazkari irtenbidea eman asmoz, azken bi urteetan ezkerreko alternatiba bat prestatzen aritu dira Kolonbiako eragile ezberdinak.
Urte hauetan egindako lanaren emaitza pasa den aste honetan ikusi dugu, Marcha Patrioticaren aurkezpenarekin. Hamarna milaka lagunen babesa jaso du mugimendu berriak. Aurkezpen jardunaldietan 4.000 delegatu inguruk hartu dute parte eta apirilaren 23an burutu zen martxan, Bogotako kaleetan 80.000 pertsona baino gehiago bildu ziren. Indar erakustaldi ikaragarria izan da. Kolonbian aldaketarako nahia eta aukera dagoenaren erakustaldia.

Marcha Patrioticaren 5 ardatz nagusiak honakoak dira:

1.- Aldaketa politiko zein sozialerako sortu den mugimendua da, eskuinari alternatiba izateko bokazioz jaioa.

2.- Giza eskubideak bere osotasunean bermatuko dituen proiektua defendatzen du.

3.- Lurraren erreforma: Beren lurretatik kanporatuak izan diren milioika indigena eta nekazari, beraien lurretara itzultzeko aukera eta modua ziurtatu behar da.

4.- Alternatiba honek Kolonbiar guztien batasuna behar du, zentzu horretan Marcha Patriotica-k beste eragile ezberdinekin akordioetara iritsi nahi du eta

5.- Bakearen beharra. Estatu kolonbiarrak garaipen militarraren aldeko apustua egiten du. Garaipen militarra ordea ilusio faltsu bat besterik ez da. Kolonbiako gatazka sozial armatuak sustrai politiko, ekonomiko eta sozialak ditu eta gatazka hau konpontzeko bide bakarra, bide politiko da. Mugimendu berriak bere konpromisoa adierazten du bide politikoen alde.

Piedad Cordobaren ikurra: Kolonbiako ezkerrak erreferente ugari ditu, baina egun bada erreferente nagusi bat, Piedad Cordoba emakumea. Hizlari bikaina eta bakearekiko ekintza eta konpromiso argiak hartu ditu, herritarren konfiantza irabaztera eraman dutena. FARCen esku zeudenen askatze prozesuan jokatu duen papera, paramilitarren mehatxu eta hilketa saiakeren aurrean ausardiaz borrokan jarraitu izanak egun Piedad Cordoba lehendakaritzarako hautagai izatera eraman du.

Unión Patriotica gogoan: Union Patriotica (UP) 1985ean sortu zen alderdi politiko bezala. UP jasandako errepresioa izugarria izan zen, 5.000 militante inguru erailak zituzten talde paramilitar eta armadak. Gertakari honek aukera guztiak itxi zizkion bide politikoari eta gerrillak berriro mendian babestu beste aukerarik ez zuen izan.
25 urte eta gero, Marcha Patrioticak egindako indar erakustaldiak urduri jarri du Estatua eta bere garaian Union Patrioticaren egin zuten bezala mugimendu berria kriminalizatzeari ekin dio. Kriminalizazio politika hau oso arriskutsua da, berriro ere UPrekin gertatu zena gertatzeko tentazioa egon daitekeelako Estatuaren partetik. Urrutira joan gabe, Carlos Lozano Kolonbiako Alderdi Komunistako kidearen bizkartzaina erail eta buruzagi indigena bat desagerrarazi dute.

Esan gabe doa, 25 urte geroago baldintzak aldatu egin direla gizartean eta egun Kolonbiako herriak bakearen aldeko hautu garbia egiten duela. Herritarren artean bake nahiak % 85ren babesa jasotzen du. Gizarteak beldurra galdu dio beldurrari.
Ezker Abertzalea eta Kolonbia: Ezker abertzaleak azken aldian Kolonbian konponbidearen alde burutu diren ekimen ezberdinetan hartu du parte; otsailean «Colombia entre rejas» izeneko foroan izan ginen, martxoan Maite Aristegik Mujeres por la paz ekimenean parte hartu zuen, bertan Piedad Cordobarekin batera FARC-ek bere eskuetan izan dituen militarren askatzea posible egin zen eta azkenik apiril honetan Marcha Patriotican izan gara.

Gatazka guztiak ezberdinak dira, gatazka bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu eta hori ezinbestean ulertu beharreko elementua da, ez da existitzen gatazkak konpontzeko errezetarik, esperientzia ezberdinak baizik. Euskaldunok asko ikasi dugu Hegoafrika edo Irlandako esperientzietatik eta gure ekarpenak Kolonbian lagungarri badira ongi etorriak izan daitezela.

Aurrera begira ezker abertzaleak Kolonbian burutzen diren ekimenetan parte hartzen jarraituko du. Internazionalista eta ezkertiar bezala, konponbide demokratikoarekin dugun konpromisoari atxikiz eta Kolonbiarrek horrela nahi dutelako, ohore eta erronka handia da ezker abertzalearentzat Kolonbian bake justu baten aldeko apustuan partaide izatea, gure umiltasunetik baina geurea eskainiz.

Asier Altunak Gara egunkarian idatzitako artikulua

 

Gehitu iruzkin berria

randomness