Ni hil hilko nauzue... baina bihar itzuliko naiz eta miloika itzuliko naiz

Bartolina Sisa

Hemen zaude

Kuba eta Saharar herriaren aldeko ebazpenak adostu ziren LAB-eko 8.Biltzar Nagusian

LAB Sindikatuak 8.Biltzar Nagusia burutu zuen joan den astean. Jardunaldietan lau izan dira adostutako ebazpenak: 

Herri kubatarraren aldeko ebazpena

Ekainaren 20an Iruñean LAB euskal sindikatuaren 8. Biltzar Nazionalaren baitan burututako “Erantzun sindikala krisi kapitalistaren aurrean” Nazioarteko Jardunaldian parte hartu dugun sindikatuok Kubako herriari, Kubatar iraultzari eta iraultzaren lorpen eta konkistei gure elkartasuna eta babesa adierazten diegu.

AEBek beste potentzia inperialisten laguntzarekin ezarritako Kubako herriaren aurkako blokeo ilegal eta kriminalaren amaiera exijitzen dugu. Nazioarteko zuzenbidea urratzen duen blokeoari orain hamarkada batzuetatik Kubatar herriak ausardia handiz aurre egin diola goraipatzen dugu. Era berean, Europar Batasunak eta Europar Komisioak uhartearen aurka darabilten politika arbuiatzen dugu.

Bestalde, 5 heroi kubatarrak berehala askatzea exijitzen dugu, Kubaren askatasunaren eta burujabetzaren alde borrokatzeagatik eta uharteko herritarrak defendatzeagatik AEBetako espetxeetan zigorra betetzen ari direnak.

Lehenago esandakoaren haritik, Kuba iraultzailearen aldeko eta Rene, Antonio, Fernando, Gerardo eta Ramon 5 heroi kubatarren askatasunaren aldeko kanpainekin jarraitzeko konpromisoa adierazten dugu.

Aski da, blokeo kriminalik ez!
5 heroi kubatarrak askatu!
Gora Kubatar Iraultza!

Iruñean, Euskal Herria, 2012ko ekainaren 20an

Herri saharauiaren aldeko ebazpena

Ekainaren 20an Iruñean LAB euskal sindikatuaren 8. Biltzar Nazionalaren baitan burututako “Erantzun sindikala krisi kapitalistaren aurrean” Nazioarteko Jardunaldian parte hartu dugun sindikatuok Mendebaldeko Saharako herriari eta dagokion autodeterminazio eskubide zilegiari gure elkartasuna eta babesa adierazten diegu.

Mendebaldeko Sahara berehala deskolonizatzea exijitzen dugu, eta Saharako herriari dagokion eta nazioarteko legedian jasota dagoen (hala Nazio Batuen Kartan, nola Giza Eskubideen Nazioarteko Itunetan) autodeterminazio eskubidea aitortzea ere bai. Bermeak edukiko dituen erreferendum aske eta demokratikoa exijitzen dugu, aipatu autodeterminazio eskubidea eraginkortasunez aplikatzeko bide bakar bezala.

Bestalde, Mendebaldeko Sahara legez kanpo okupatzen ari den Marokoar estatua eta gobernua salatzen ditugu, herritar saharauien aurkako errepresio etengabearen bidez eta beraien energia eta ekonomia errekurtsoen espoliazio eta lapurretaren bidez kolonizazio eta anexio estrategia burutzen ari direnak.

Azkenik, nazioarteko instituzioei eta Europar Batasunari behingoz nazioarteko zuzenbidearen alde egin dezatela exijitzen diegu, herri saharauiaren autodeterminazioaren alde lerroka daitezela eta nazioarteko legedia bete dadin ahal duten guztia egin dezatela.

Herrien autodeterminazioaren alde!
Mendebaldeko Sahara askatu!

Euskal Herrian, 2012ko ekainaren 20an

Klase sindikalismoaren koordinazioaren aldeko ebazpena

Ekainaren 20an Iruñean LAB euskal sindikatuaren 8. Biltzar Nazionalaren baitan burututako “Erantzun sindikala krisi kapitalistaren aurrean” Nazioarteko Jardunaldian parte hartu dugun sindikatuok klase sindikalismo koordinatu eta bateratuaren bidez borrokatzea oso garrantzitsua dela uste dugu. Alde batetik, mundu mailako krisi kapitalistaren aurka eta, beste alde batetik, horren ondorioz eta krisiaren aitzakiarekin klase menderatzaileak herrialde gehienetan langile klasearen aurka aplikatzen ari diren eskubide laboral, sozial eta sindikalen murrizketen aurka, tokian-tokian desberdintasunen bat dutenak baina denetan helburu bera: sistema kapitalistaren erreprodukzioa bermatzea.

2008an bereziki Europar Batasunean eta Iparramerikan sistema sustengatzen zuen higiezinen eta finantzen burbuilak lehertzean azaleratu zen gaur egungo krisi kapitalista euren klase posizioa berrindartzeko eta kapitalismo basati eta bortitzenean sakontzeko erabiltzen ari dira kapital finantzario, banka eta multinazional handiak. Horrela, hori guztia modu ez demokratikoan eta oligarkiaren eskutik inposatzen diote langile klase guztiari, bereziki, EBren hegoaldeko Estatuetan.

Horretarako, bankari milaka milioi euro diru publiko oparitzen dieten bitartean, era guztietako murrizketak ezartzen ari dira herritarri galdetu gabe: erretiro adina atzeratu, hitzarmen kolektiboaren desregulazioa, murrizketak gastu sozialean eta osasungintza edo irakaskuntza bezalako sektore estrategikoetan, etab.

Gaur hemen bildutako sindikatuok pairatzen dugun sistema kapitalista eta injustuaren aurka gauden klase sindikatuon borrokak koordinatzea beharrezkoa dela uste dugu.

Era berean, egungo europar eraikuntza ereduaren aurka gauden sindikatu, mugimendu sozial eta erakundeen arteko erantzun agenda bat koordinatzeari beharrezkoa deritzogu.

Nazioarteko Diru Funtsak, Europar Komisioak eta Europar Banku Zentralak inposatzen diguten Kapitalaren eta Estatuen Europaren aurrean, kontinenteko langile klasearen mende egongo den Herrien Europa Soziala aldarrikatzen dugu.

Iruñean, Euskal Herria, 2012ko ekainaren 20an

Euskal Herriko prozesu politikoaren aldeko ebazpena

Ekainaren 20an Iruñean LAB euskal sindikatuaren 8. Biltzar Nazionalaren baitan burututako “Erantzun sindikala krisi kapitalistaren aurrean” Nazioarteko Jardunaldian parte hartu dugun sindikatuok Euskal Herriari eta dagokion autodeterminazio eskubide zilegiari gure elkartasuna eta babesa adierazten diegu.

Euskal Herriak bizi duen momentu historikoa honetan, gure babes osoa adierazten diogu ezker abertzaleak bultzatutako prozesu aldebakarreko eta demokratikoari. Horrek Euskal Herria espainiar eta frantziar estatuen arteko gatazka politikoa bide demokratikoen bidez gainditu ahal izateko urrats positiboak emateko aukera ekarri du, esaterako, 2011ko urriko Donostiako Nazioarteko Bake Konferentzia, non Kofi Annan bezalako nazioarteko pertsonalitateek espainiar gobernuari negoziazio bideak zabaltzeko eskatu zieten euskal jendartearen gehiengoaren nahia errespetatuz.

Era berean, espainiar eta frantziar estatuek oraindik ere Euskal Herriari bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea aitortzeari uko egin eta bide errepresiboa mantentzen tematzen direla salatzen dugu.

Bide horretan, euskal langile klasearen eta Euskal Herri osoaren alde lan politikoa egiteagatik espetxeratuta dagoen LAB sindikatuaren Idazkari Nagusi ohi Rafa Diez Usabiaga berehala askatzea exijitzen dugu.

Iruñean, 2012ko ekainaren 20an

Gehitu iruzkin berria