Bi herri ditut maitatzeko eta mundu bat bere alde borrokatzeko

Pakito Arriaran

Hemen zaude

Maiatzak 15, Nakba eguna. Yallah Palestina!

Amesgaizto batetik esnatzen gareneko itolarri sentsazioa bularraldean, irudika al dezake inork itolarri horrekin bizitzea, bizirautea. Irudika al dezake inork norbere herrian bertan deserriratzea, etxea utzi behar izan eta 70 urte luzez itzuli ezin izatea. Maiatzaren 15a Nakba edo hondamendiaren eguna da palestinarrentzat. Palestina ez da lokartzen, eta ez daude ametsetan, errealitate gordina dute parez pare eta begi bat ez, bi begi zabalik izanagatik ere makinaria sionistak kontrolatzen dizkie ametsak, loa, eta bizitza.

‘Si canta Nablus, canta Palestina’ genioen Balatan gitarrak eskutan, hiriaren iparraldean dagoen Zisjordaniako errefuxiatu gunerik handienaren bihotzean. Yaffatik bortxaz alde egin behar izan zuten Balatako palestinarrek 1948ko maiatzaren 15 hartan, egun Tel Aviv den eta duela zazpi hamarkada euren hiria izan zen hartatik. Handik ez da itsasorik ikusten, Nabi Salehko muinotik ez bezala. Tamimitarrak lagun mediterranear itsasoa ikusteko aukera izan genuen Ramallahtik ordubetera dagoen Nabi Saleh herrian, bada denbora ez dutela oinik busti itsasertz horretan. Haien legea guretzat apartheid.

Munduaren aurrean demokrata, zibilizatu eta aurrerakoitzat agertu nahi duen israeldar estatu sionistak 1948a du mugarritzat, inperio yankeearen laguntzaz XXI. mendean oraindik aurrera darraien kolonizazio basati eta zapalkuntza aro oso bat ustez legitimatzen duen mugarria. Zilegi ez dena legez blindatu zuten urtea. Europako ateak parez pare zabalik ditu Gazan, munduko espetxerik handienean bizi diren palestinarrak fosforo zuriz bonbardatzen dituen israeldar estatu terroristak, etxeak eraitsi eta bizilagunak erailtzen, atxilotzen, torturatzen dituenak, “jenderik gabeko lurra, lurrik gabeko jendearentzat” lema banderatzat hartuta herri oso bat odolustea negoziorako bide bihurtu duen lobby sionistak.
Gu aldiz, negar gasen mende daudenak ez daudela oker bertatik bertara kontatzeko konpromisoan berresten gara, eta Aida Camp edo Balatako errefuxiatuen etxeetako giltzak eskuetan, noizbait haien etxeak izan zireneko ateak agian ez, baina jakin badakigu borrokarako ateak zabal ditzakegula elkarrekin egunerokoan bizirautea bera erresistentzia keinu den lurraldean. Askapena erakunde internazionalistak duela 20 urte bisitatu zituen palestinar lurrak lehen aldiz, eta ordutik elkartasunak ez du etenik izan, hamarnaka brigadisten begietatik ikusi eta ikasi ditugu Hebrongo eta Jerusalemgo alde zahar erdibituak, Nablusko hiri zaharra, II. Intifadan setiaturiko Aidako kale nagusia eta Haifako hondartzak. Asko eta askotarikoak izan dira brigada hauen helburu eta jardunbideak. Iaz, komunikabideetan agertzen ez den emakume palestinarren errealitate ikusezindua gertutik bizitzeko asmoz ipini zen martxan brigada feminista. Familia eta kideak zaintzera behartuak eta palestinar jendartearen zutabe, okupazioa dela-eta, sustengatzen duten etxea bera bihurtzen da gizon askoren botere gotorleku bakar eta emakume asko eta askoren kartzela. Biolentzia zirkular eta kartzela bikoitz honi aurre egiteko tresnak garatzen ari dira arabiar lurraldean.

Itzuleran, Euskal Herrira dakarkigun mezu argienetariko bat BDZ kanpainara atxikitzeko deia da. Hegoafrikako apartheid sistemaren aurkako borrokak argiturik, 2004. urtean BDZ kanpaina abiarazi zuten Palestinan: boikota, desinbertsioa eta zigorra. Israeldar estatuarekiko boikot herritarrerako deia egin nahi du, eta boikot politiko, akademiko, ekonomiko, zein kulturala bultzatzea du xede. Blokeo eta harresien aurka, herri erresistentzia.

Gaur olibondo erauzi bakoitzak askatasun hazi bat erneko du hondamendira kondenatu nahi duten lurrean. Horixe baitira efemerideak, oroimenean zauri, eta borrokarako bideak.

 

STOP Apartheid, yallah Palestina!
Yallah herri askeak!

 

 

Gehitu iruzkin berria