Lore guztiak moztuko dituzue, baina iritsiko da udaberria...

Pablo Neruda

Hemen zaude

Manifestazio jendetsu batek eman dio amaiera Elkartasun Asteari, Milanen

Euskal Herriarekiko Elkartasun Asteak gaur jo du goia, Milanen, bertan egin duten manifestazio internazionalistarekin. Askapena, Euskal Herriaren Lagunak eta Etxerat elkarteek hitza hartu dute manifestazioaren bukaeran, Duomo plazan.

Euskal Herriarekiko elkartasunak gaina jo du gaur Milanen, herrialde ugaritako kideak jaso dituen manifestazioan. Askapenak eta EHLk (Euskal Herriko Lagunak) antolatutako Elkartasun Asteko azken ekintza izan da, itxiera ekitaldia.

Europako toki askotatik gerturatu dira solidarioak Lombardiako hiriburura, astean zehar euren herrialdeetan Euskal Herriaren gaineko hitzaldiak eta mahai-inguruak edota elkarretaratzeak egin eta gero.

Guretik ere berrehun bat lagun abiatu dira Italiarantz, horretarako bide guztiak erabiliz: autobusa, hegazkina nahiz autoa. Gehienak, elkarte sozial edo internazionalistetako kideak, baina hortik kanpokoak ere bai. Orotara, 3.000 bat pertsona bildu dira, lekukoek GARAri adierazi diotenez.

Joaldunek irekitako bidean, manifestazio alai eta koloretsuan parte hartu dutenek euskal preso politikoak eraman dituzte ibilbidean zehar, Milanen ohikoa den turista kopuru handiaren arreta deituz.

Martxan parte hartu dutenez gain, euskal ordezkaritza nabarmena izan da, pisukoa, Etxeratek, Askapenak eta EHLk hitza hartu dutelako manifestazioaren bukaerako ekitaldian.

Askapenak, "hamaika herri borroka bakarra" leloak laburbiltzen duen modura, borroka internazionalistaren garrantzia azpimarratu duen bitartean, EHLk egungo egoera soziopolitikoa izan du aztergai eta eskubide zibil eta politikoen aldeko borroka edota euskal preso politikoen aldeko dinamikak izan dituzte gogoan. Etxeratek, bere aldetik, Elkartasun Aste honetan zehar antolatu diren ekitaldengatik eta jasotako elkartasun adierazpenengatik esker ona adierazi du.

"Tanti popoli un´unica lotta" leloak ireki du arratsaldeko hiruretan Porta Genovatik abiatu den manifestaldia. Milango Via Torino zeharkatuz, Duomo plazan amaitu da. Bertan egingo dira eguneko ekitaldi eta hitzaldi garrantzitsuenak.

Euskal Herriaren eta Palestinaren arteko elkartasunak leku berezia izango du manifestazioan, herrialde arabiarreko alderdietako zenbait kide Milanen egon direlarik. Kurdistan, Nepal eta beste herri zapaldu batzuek ere beren ahotsa entzunarazi dute bertan.

Garan 2012ko martxoaren 3an argitaratutako artikulua

Gehitu iruzkin berria