Humanismotik iraultza bereiziz gero, ezin liteke humanismo erabatekoa izan, eta iraultzatik humanismoa bereiziz gero, ezin liteke iraultza izan

Boris Bialik

Hemen zaude

Val di Susatik, italiako brigadisten lehen kronika

Milaneko aeroportura heltzean kontrapartea geneukan gure zain. Bere etxean afaldu genuen eta Italiar estatuak herri mugimenduaren kontra erabiltzen duen errepresioa azaldu zigun. Kartzelara sartzea zailagoa bada ere, neurri "prebentibo" oso gogorrak dituzte: etxean ixtera behartzea, hiritik botatzea...

Hurrengo goizean, egun hauetan gure garraio diren bi kotxeak alokatu eta Val di Susa bailarara abiatu ginen, Cels izeneko herri batera. Bailara honetan Abiadura Handiko Trena eraikitzen ari dira eta oso mugimendu indartsua dago honi aurre egiteko. Mugimendu honetako kideek hartu gintuzten Celsen: batzuk bertakoak dira eta beste batzuk hona etorri dira bizitzera borrokan parte hartzeko eta bailara biziberritu asmoz, bizi eredu askeak sortu nahian.

1990 hamarkadan sortu zen NO TAV mugimendua eta jarduteko modu nagusia AHT eraiki nahi duten guneak okupatzea eta defendatzea izan da. Hainbat presidio eraiki zituzten (presidioak borroka antolatzeko eremu fisikoak dira, etxe formakoak, bertan jendea modu egonkorrean egotea helburu dutenak). 2011 urtean NO TAVeko aktibistek presidio jarraikor bat egin zuten Chiomonten, Maddalena herrian, eta "Libera Republika della Maddalena" izena jarri zioten. Gune horretan tunel geognostiko bat egiteko asmoa zegoen. Urte horretako ekainaren 27an 2500 polizia baino gehiago joan ziren bertara desalojatzera. Bertakoek erristentzia egin zuten eta poliziak CS gas lagrimogenoak erabili zituen beraien aurka, nahiz eta nazioartean ilegala izan osasunarentzako oso kaltegarria delako. Sekulako borroka eman zen baina azkenean bota egin zituzten. Hemen daukazue orduko bideo bat:

Egun batzuk geroago manifestazio nazional baten bidez Maddalena berriro hartzen saiatu ziren NO TAVeko kideak, eta poliziaren erasoaren ondorioz 5 atxilotu eta 200 zauritu baino gehiago izan ziren.

Mugimenduaren aurkako errepresioak oso gogorra izaten jarraitzen du, guk ezagutu ditugun lagun gehienak kartzelatik edo neurri "prebentiboetatik" pasa dira, edo epaiketaren zain daude.

Gaur egun, Maddalenako tunela ia bukatuta dago baina trenaren eraikuntzarako asko falta da oraindik. Urrian 5 etxe bota nahi dituzte eta borroka-aldi indartsua aurreikusten dute mugimenduko kideek.

Brigadako kideok aukera izan dugu Maddalenan egiten ari diren obrak gertutik ikusteko. Kontu handiz bertaratu behar izan ginen, mendia zeharkatuz eta elkarte katoliko bateko lagunekin. Izan ere, baimen berezirik gabeko herritarrek ezin dute bertaraino iritsi, baina asoziazio honetako lagunek, beste 1500 lagunekin batera, lurrak erosi egin dituzte expropiazio prozesuak zailtzeko. Obrak erabat militarizatuak daudela ikusi ahal izan dugu, militarrak uneoro guztia zaintzen daude eta guri ere gertutik jarraitu gintuzten. Ikaragarria da naturari egiten ari direna, amiantoa eta material erradioaktibo desberdinak askatzen baitituzte ingurugiroan. Hmen dituzue argazki batzuk:

Estatuaren errepresioari aurre egiteko Cassa Antirepressiva (errepresioaren aurkako kutxa) eragilea sortu zuten 2000 urtean. Ordura arte NO TAV mugimenduan aritzen diren sektore edo ideologia bakoitza bere errepresaliatuetaz arduratzen zen, eta eragile honen sorrerarekin errepresioari era bateratuan erantzuteko aurrerapausoa eman zuten. Cassa Antirepressivak, hortaz, lurralde batean gertatzen diren errepresio kasuen inguruko lana egiten du, ideologiak kontutan hartu gabe. Bailaran ematen diren eraso guztiak erantzutea da haien helburua, eta borroka armatuaren garaitik preso jarraitzen duten lagunei zein borroka sozialen ondorioz preso daudenei ematen diete sostengua; baita preso sozialei ere, haiekin behin harreman bat martxan jarrita. Hauek dira egiten dituzten lanak: dirua bidali, liburuak eta aldizkariak bidali, errepresio kasuak sozializatu eta elkartasuna sustatu.

Errepresioaz eta AHTren aurkako erresistentziaz haratago, NO TAV mugimendua bailara biziberritzeko lanetan ere ari da, eta bizi eredu askeak sortzen, kapitalismotik at. Guk hau lehen eskutik ikusi eta sentitu genuen, Cels herriko auzolanetan parte hartzean eta bertakoekin partekatutako momentu guztietan.

Zentzu honetan sortutako proiektuetako bat NUNATAK aldizkaria da, eta mendiko tradizioa eta bizimoduaren berreskurapenari ekarpena egin nahi dio. Lau atalez osatzen da: aintzinako jakintza, historian zehar mendian emandako borrokak, beste mendi batzuetako esperientziak, eta bailarako ipuin eta tradizioak. Urtean lautan argitaratzen da, eta honetaz gain debateak eta mahainguruak antolatzen dituzte, gai hauen inguruan hausnartzeko tresna bat ere badelako egiten duten lana.

Bertako talde feministarekin ere bildu ginen. Duela bi urte inguru biltzen hasi ziren NO TAV mugimenduk emakume batzuk, emakume bezala gatazka eta mugimendua bera nola bizitzen zuten partekatu eta elkarrekin hausnartzeko. Autodefentsa feministaren inguruan lan egiteko beharra ikusi zuten, bai bailaran eman daitezkeen biolentzia matxistako kasuei nola erantzun erabakitzeko, baita mugimenduaren baitan emakume izateagatik bizi ahal dituzten zapalketei erantzuteko ere. Lurraren defentsa egiteko gorputzen defentsa egin beharra dagoela aldarrikatzen dute, eta bi borrokak loturik doaztela. Interes handia zeukaten euskal herriko mugimendu feministaren inguruan, eta bereziki biolentzia matxistari erantzuteko protokoloetan.

Uztailaren 27an Cels herritik Venausera jeitsi ginen: Venausen AHTren eraikuntzari aurre egiteko beste presidio iraukor bat dago, eta iaztik urtero ALTA FELICITÀ jaialdia egiten du NO TAV mugimenduak. Helburu bikoitza dauka jaialdiak: batetik errepresioari beldurrik izan gabe AHTren aurkako mugimenduan parte hartzeko marko bat eskaintzea, eta, bestetik, komunikabideek mugimenduko kideetaz zabaltzen duten irudi okerra gezurtatzea. Turineko ASKATASUNA zentro sozialeko lagunekin egon ginen hemen: Euskal Herriarekiko elkartasunean oso aktiboak dira eta haien hiriko borroka sozialak bultzatzen dituzte haien zentrotik.

Jaialdian, kontzertuetaz gain, hitzaldiak eta mahainguruak, argazki-erakusketak, bailara ezagutzeko eta obrak ikusteko ibilbideak eta abar daude antolaturik.

Azkenik, uztailaren 31an, motxilak ikasgaiez beterik kotxeak berriro hartu genituen, penarekin Val di Susan egindako lagunak agurtu behar izateaz, baina Milanen ezagutu behar genituen borrokak ikusteko irrikitan.

Gehitu iruzkin berria

randomness