
Gasteizen nazioarteko BDS kanpainarekin (Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak) bat egiten dugun gizarte eragileok, Palestinarekiko Elkartasun Plataforman bilduta, honako ekarpen hauek egin nahi ditugu gaur Batzar Nagusietan Maccabi eta Baskoniaren arteko norgehiagokaren inguruan izan den eztabaidaren kontura:
- Nazioarteko BDS kanpainaren deiarekin bat egiten dugun aldetik ez dugu onartzen Israelgo estatu sionistaren politikei zilegitasuna ematen dion edozein delegaritzaren (politikoa, ekonomikoa, akademikoa, kulturala, edo kirol arlokoa dela) presentzia gure hirian, are gehiago, Maccabiren kasuan bezala, Israelgo armadak iragan urtarrilean Gazan burututako sarraskiei babes publikoa eman dionean (http://www.maccabi.co.il/News.asp?id=1768&language=english)
- Salatu behar dugu Israelgo segurtasun zerbitzuek Arabako kirol egoitza publiko batean duten eskumena eta Baskoniako segurtasun pribatua zein Ertzaintza beraren jokaera, izan ere, men egin diete otxan Mossadek ezarritako segurtasun protokoloei eta bortizki egin diete eraso aldarrikapen zilegi, baketsu eta legala plazaratu nahi zuten hiritarrei. Halaber, aldez aurretik Baskoniak hartutako eta Kirol arloko diputatuak berretsitako konpromezua urratu eta pabilioian pankartak zein banderak sartzea debekatu zutela ere salatu behar dugu.
- Beste bide ofizial guztiak jorratzen saiatu bagara ere (Baskoniako gerentziarekin, kirol arloko diputatuarekin, prentsarekin bildu izan gara), eta gure aldarrikapen legala plazaratzeko ate guztiak itxi dizkigutenez, ekintza zuzenez bortitzaren bidea hartu behar izan dugu nazioarteko BDS deia Gasteizko kantxara agertarazteko.
- Plazaratzen saiatu garen leloak (“Palestina askatu” eta “stop apartheid”) guztiz zilegiak, legalak, eta nazioarte mailan onartuak dira, hala ere, kantxara lelo hauek plazaratzea lortu zuen ekintzaileari arrazakeria eta xenofobia delituak leporatzen zaizkio, ez ordea, Baskoniako pabilioian bandera sionista nabarmen erakutsi zuten Maccabiko jarraitzaileei. Aldi berean Gasteizko prentsak eduki politikoa kendu nahi izan dio ekintzari eta “espontaneoa” deitu diote, protestaren zergatia aipatu gabe.
- Beste herrialdeetan antzeko ekintzak burutu dituztenean, Bartzelonan kasu, 60na euroko isuna ezarri zieten kantxara atera ziren 10 ekintzaileei, hemen, ordea, 3001 eurokoa. Honek pentsarzten digu ez ote den delitoa larriagoa egiten euskalduna izateak edo zigorrak ezberdinak ote diren ekintzailearen jatorriaren arabera.
- Horrenbestez, eskatzen diegu Arabako erakundeei harremanak eten ditzatela Israelgo kirol enbaxadoreekin, nazioarteko BDS kanpainaren araberako gutxieneko kode etikoa eska diezaietela haien diru eta laguntza publikoak jasotzen dituzten kirol erakundeei, haien menpe dauden kirol instalazioetan adierazpen askatasuna berma dezatela eta eskaera formala egin dezaten iragan irailaren 29ko partidan hainbat solidariori ezarritako zigorrak bertan behera gera daitezen.
Palestinarekiko Elkartasun Plataforma
Gasteiz, 2009ko Abenduaren 4an