bannerra
Intro   · euskara   · castellano   · français   · english     · italiano



FROM THE WORLD TO THE BASQUE COUNTRY


 
Who are we? From EH to the World Step by Step Brigades I. Conference Opinion


KunaYala

mapa_kuna Kunak milaka urtez Hegoamerika eta Ertamerikaren arteko mugan bizi izan dira. Gaur egun Kolonbia eta Panama estatuen artean dagoen 'Darien' eskualdean. Espaniako koroak, han eta hemen, hainbat lurraldetan bere jabegoak handitzeagatik tokian tokiko herriak menpean hartu ala sarraskitu egin ditu eta kunek ere pairatu behar izan dute presio eta errepresio hori beren azken 500 urtetako historian. Horren aurrean bi jarrera nagusi erakutsi dituzte: beste lurralde batera mugitzea edo borrokatzea.

Gaur egun mugimendu eta borroka horien ondorioz kunak 70.000 bat mila pertsona dira, beren hizkuntza, kultura, sinesmenak eta etnia oso ondo gordetzen dutenak, batez ere Kuna Yala-n (beren lurralde autonomoan). Kuna Yalan kunen (edo tulen) erdia bizi da gutxi gora behera, (Kuna Yala-ri Panaman 'San Blas' deitzen diote). Kuna Yala Karibeko kostaldean dagoen irla multzo batek (190 bat, haietatik 45 populatu) eta kostaldeko lur eremuak osatzen dute. Gainontzeko kunak edo tuleak Panama hirian eta Panamako beste probintzi batzuetan bizi dira, eta 5.000-edo Kolonbia estatuko lurretan bizi dira oraindik ere.

Kuna Yala inork ez die oparitu. 1925ean gertatu zen beren azken matxinada armatua, eta horren ondorioz gobernuarekin negoziaziatu zuten beren eskubide historikoa: lurralde bat beren herriarentzat. Matxinada horren prestatzailea eta lider intelektuala Nele Kantule izan zen. Garai hartako poliziek/militarrek kunak behartzen zituzten arrainak, kokoak, etab. ematera, baita dantzaldiren bat bazuten kuna emakumeak bertan egonarazi. Bestalde, debekatzen zieten beren txitxa ospakizuna eta beste hainbat ekitaldi egitea... Horren aurrean,
inauterietako gau batean eta polizien mozkorraldia aprobetxatuz (kunek gonbidatu zituzten jai hartara) hil zituzten hamar baino gehiago polizi. Horren ostean mertzenarioz eta poliziz betetako itsasontzi bat abiatu zen mendeku gosez, baina garai horretan Panamako EEBBak ziren jaun eta jabe eta epaile lanak egiten oztopatu zuten itsasontzia irletara iristea. 1929an sinatu ziren Kunen eta Panamako gobernuaren arteko hitzarmenak.

Antolaketa

Kuna Yala da beren lurralde autonomoa. Bertan daukate botere politikoa, ez ordea kunak bizi diren beste lurraldetan (Darien, Kolonbia, Panama hiria eta beste probintziak...). Lurralde autonomoan kunen baimena behar da gauza gehienetarako. Kanpoko jendea ezin da hara bizitzera joan (Panamako jendea ezta ere), kunen baimenik gabe. Enpresak ere ezin dira hara sartu. Zergarik ez diote
ordaintzen Panamari. Gaur egun ejerzitorik ez dago Panaman, baina balego, ez lukete joan beharrik izango.

Nazio mailan "Congreso General Cuna" deritzana da botere gune nagusia. Bitan banatzen da arlo politikoa eta arlo kulturala. Arlo politikoan nazio batzarrak ("congreso") ospatzen dituzte 2 urtero eta berau da erabaki organo gorena. Beren buruzagiak "xailak" dira, gaztelaniaz "cacique" hitzarekin ezagutzen dituzte, baina txostengile honen aburuz "cacique" hitz horren baitan iritzi eta juzku oker asko izkutatzen da eta ideia okerrera eraman gaitzake. Xailak ez dira "cacique"-ak.

Xailak hala dira herriak aitortzen dielako beren herriko historia, kultura, mito eta kantuen gaineko ezagutza eta jakituria. Ez dira hala ez odolez, ez kasta-z, ez botere ekonomikoz, eta shaila txarrak badira, herriak badauka eskubidea xailak kentzeko. Batzarretan denek dute hitza emateko eskubidea eta nagusitzen bada jarrera bat, hori da erabakia. Jarrera edo iritzi kontrajarriak badaude, xailek adierazten dituzte beren iritziak, besteenak entzun eta gero beti ere, eta erabakitzen dute.

Arlo kulturalaren ardura da kunen historia, kultura, hizkuntza, sinesmenak, ohiturak, etab. zaintzea eta bultzatzea. Herri edo komunitate mailan funtzionamendua nazio mailakoaren antzerakoa da. Herrian bada Xaila bat eta bere ordezko xailak. Bera da herriko arduradun politiko eta izpirituala eta "congreso"-a (batzarra) da beren gune politiko gorena. "Congreso"-a egunero ospatzen dute, bertan herriko kontu guztietaz aritzen dira eta erabakitzen dute. Emakumeek beren "congreso"-a dute eta ez dira joaten gizonezkoenera. Gizonezkoen congreso-a da nagusia, emakumeena emakumeen gai, eginbehar eta abarretaz aritzeko da. Lehen esan dugu Xailak, besteak beste, kantuetan adituak direla, bada "congreso"-an kantatzen dute. "Congreso"-az gain, bada kalu koskun izeneko "udalbatzorde" moduko bat. Bulego 'teknikoa' da gobernu moduko bat. Bertan arduratzen dira eguneroko gauzen kudeaketaz (zergak, aireportua, kaia, elektrizitatea, ura, 'barne saila', atzerritarrak...) eta proiektuak eta datuak 'congreso'-ra eramateaz (haiek ez dute 'erabakitzen'). Kalu Koskuneko arduradun bat dago eta honen gainetik Shapin Dumad (alkatea?!) dago, bozketaz erabakitzen dena 4 urtetarako. Bi polizi edo zaindari mota daude komunitatekoak eta estatukoak (hauek ere kunak izan behar dute, baina estatu funtzionariak dira). Komunitate bakoitzak badauka bere barne araudia edo legedia, beraiek erabakitzen dutena, beren ohitura eta sinesmenen araberakoa. Laburpen gisa esan daiteke Kuna Yala komunitateek osatzen dutela.

Kultura, Ohiturak

Kunek beren hizkuntzari 'tulegaia' esaten diote. Komunitate gehien-gehienetan erabat bizirik dago, haietako batzuek ez dakite gaztelaniaz hitz egiten, eta gehienak oso mugatuta daude gaztelaniaz hitz egiteko. Honek ez du esan nahi beren hizkuntzarekin arazorik ez dutenik. Orain, esaterako, abian jarri dute hezkuntzan beren hizkuntza eta kultura sartzeko egitasmoa, konturatu direlako
umeek eta gazteek gero eta okerrago hitz egiten dutela eta ardura gutxiago erakusten dutela komunitatearekin eta beren kulturarekin. Beren kulturan kantuek batez ere eta dantzek ere garrantzi handia dute. Guretzako ezinbestekoa da beren hizkuntza eta kultura errespetatzea, baita gure artean euskara erabiltzea ere. Beren bokalak euskararen berdinak dira eta fonetikoki ere
zenbait antzekotasun badaude, beraz animatu eta ekin tulegaiari! Emakumeak etxeko eta familiako lanetan aritzen dira nagusiki, baina beste lan batzuetan ere bai: Ustupuko Shapin Dumad, esaterako, emakumea da eta idazkaria, telefonistak, maistrak, medikuak, erizainak, dendariak eta herriko funtzionarioak edo poliziak... ere badira. Gizonezkoak ere aritzen dira aipatutako lanetan eta horrez gain nekazariak eta arrantzaleak dira, batez ere. Bikote bat ezkontzen denean emaztearen etxera ezkontzen da gizona. Horretaz
aparte emakumeek gordetzen dute janzkera tradizionala (buruzapi gorria, masailak gorriz margotuak, sudurrean 'pirxina', atorrean josia 'mola', gona gisa zapi handia ('paleoa') eta beso eta hanketan 'uiniak' (shakiraz egindako apaingarriak). Gizonezkoek ez dute janzkera tradizionalik erabiltzen. Auzolana beren beste ohituretako bat da. Lehen, antza denez, ohitura errotuagoa orain baino. Hala ere, gaur egun ere lan asko egiten dira auzolanean. Garai batean, esaterako, komunitateko familientzako etxeak ere komunitateko kideen
auzolanean eraikitzen ziren, egun bakar batean 3zpa4 eraiki zitezkeelarik.

Elikadurari dagokionez, oro har eta salbuespenak salbuespen, gurean baino gutxixeago jaten da han (horrek ez du esan nahi gutxi jaten dutenik), eta elikadura bera ez da hain askotarikoa. Gosaria kafea eta ogitxo bat izaten da (boilo bat, ogi goxoa) jaikitzerakoan: goizeko 6tan edo 7tan. Bazkaria 12tatik aurrera, egunaren arabera, eta ez denak batera (familiak oso handiak baitira).
Hango bazkari ohikoena 'tulemasi' deitzen da (salda koko urez egina eta bananak, yuca...) eta arraina. Bestela arroza ere asko jaten da. Gauean berriz kafea eta boiloa... Honez gain, egunean zehar normala da artoz egindako txitxa goxoa, limoi ura, kafea, 'tang' edo bestelako edariak hartzea. Janari edo arrain asko dagoenean, gauez badago gehiago jatea.

Etxeak kainaberaz (ormak) eta palmondo hostoz (teilatuak) eginak dira eta hezurdura zurez. Badaude hormigoizko gutxi batzuk ere, baita hibridoak ere. Famili txikiz osatutako famili handia dira, gure baserri zaharretan bezala. Oso famili handiak, beraz. Komunak etxetik kanpo daude, itsasoaren gainean eta etxean bakarrik bainatu, garbitu eta txiza egin daiteke. Elektrizitatea etxe guztietara ez da heldu, eta dagoen etxeetan ez du izugarrizko potentziarik. Gaitzerdi, elektrotresna gutxi daukate eta. Telebistarik ia batere ez, irrati gutxi batzuk eta musika entzuteko aparaturen bat. Ekonomian kokoa izan da historikoki beren produktu nagusia eta Kolonbiatik
datozen ontziekin egiten dituzte salmentak. Kokoak, ordea, ez du lehen beste ematen, prezioak jaitsi direlako. Komunitate batzuetan turismoa hartzen dute (ez asko), emakumeek egindako 'molak' saltzen dituzte... Kolonbiatik datozen ontziek ekartzen dizkiete azokatxoak (etxerako tresnak, apaingarriak, jantziak, barazkiak, frutak...) prezioa ez da merkea, baina amarrua 'kreditu'-an daukate, kunek erosketak egin eta kolonbianoek hurrengo hilabetean kobratzen baitiete, bueltan datozenean. 'Congreso'-an ere kezkatuta daude gai honekin eta sortu diren arazoekin (ezin ordaindu, beraiek lurra gtxiago landu ez eta gero erosi produktuak...).

Beren ospakizunetan garrantzitsuena 'txitxa' jaia da. Txitxa azukre kainaberaz egindako edari alkoholikoa da. Badaukate etxe(txabola) handi bat 'txitxaren etxea' dena, eta bertan egiten dute, goizeko lehen argiarekin hasita eta eguerdira arte. Ospakizuna emakume egin den neska baten ohorez egiten du bere familiak eta komunitate osoa gonbidatuta dago. Gero eta gutxiago egiten dira jai hauek, gero eta garestiago egin delako familientzat jaia egitea (gaur egun 5.000 $ izan daitezke). Orain rona ere erosten dute, eta gauza gehiago, eta
komunitateko jendeak gutxiago laguntzen omen du lehen baino. Pertsona bat hiltzen denean, bere gorpua etxean jartzen dute eta komunitateko jendea agurtzera pasatzen da eta gorpua ikustera. Emakume eta gizon zaharrak kantatzen aritzen dira arratsalde-gau osoan, kantuetan kontatzen dute hildakoaren bizitzako bidaia (gizonezkoek) eta bere bertuteak, dohaiak eta egindako gauza onak (emakumeek). Egunargiz kaiukoak (txalupatxoak) hartu eta hildakoa ibai ertzetako hilerrietara eramaten dute, bertan kantatzen dute, zuloa egin bitartean, eta jan, eta barre egin.

Bestalde, ez dago ondo ikusia kaletik arropa gutxi-gutxirekin ibiltzea, edo musukatzea kale erdian. Lapurreta oso akats larria da, baita adulterioak ere, edo sexu harremanak atzerritarrekin. Dibortziatu daitezke eta hemen bezala, lehen dibortzio gutxiago zegoen orain baino.

Beste gauza 'deigarri' bat da dagoen albino portzentaia. Ohikoa baino askoz handiagoa da, familia askotan daude albinoak eta erabat integratuta bizi dira, areago, uste dut zenbaitetan pertsona berezitzat hartuak direla, zentzu onean (jakitunagoak...).

 
bannnneerr

Deialdiak

2008 - Uztaila 
A A A O O L I
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31  

Kakacolaren kontrako nazioarteko eguna

· Uztailak 22 -
·


Israeli Boikot

jardunaldiak08

cocacolariez

Movement against the Globalization